Bilbobuseko 28 linea berria, Uribarri-Altamira, urtarrilaren 1ean abian jarriko da

uriola.eus 2014ko abe. 29a, 10:01

Zerbitzu honekin bat egingo dute lehen zeuden linea bik: 26. lineak (Uribarri-San Mames) eta 80. lineak (Altamira-Termibus), erabiltzaileek eurek eskatuta. 28. linea berriaren ibilbideak lehengo geraleku guztiez gain, beste geraleku berri bi izango ditu, Luis Briñas 27an bat eta Sabino Arana 34an bestea.

Bilboko Udalak Bilbobuseko linea berria -28. linea, Uribarri-Altamira- jarriko du abian eguenean, urtarrilaren 1ean. Zerbitzu honekin bat egingo dute lehen zeuden linea bik: 26. lineak (Uribarri-San Mames) eta 80. lineak (Altamira-Termibus).

Erabiltzaileek eurek beren-beregi eskatu dute Bilbobuseko 28. linea (Uribarri-Altamira) abian jartzeko; linea berriaren ibilbideak, lehengo geraleku guztiez gain, beste geraleku berri bi izango ditu, Luis Briñas 27an (Uribarrirako noranzkoan) bat eta Sabino Arana 34an (Altamirako noranzkoan) bestea. Orain batu diren lineek ematen zuten zerbitzuan ez da bestelako aldaketarik egingo.

Hortaz, 28. linea berriak (Uribarri-Altamira) 07:00etatik 22:20era emango du zerbitzua, astegunetan, 07:00etatik 22:40era zapatuetan eta 07:15etik 22:40era jaiegunetan, Uribarritik abiatuta.

Altamiratik abiatuta, ordea, 07:00etatik 22:30era emango du zerbitzua, astegunetan, 07:30etik 22:50era zapatuetan eta 07:30etik 23:00etara domeketan eta jaiegunetan.

Zerbitzu berria hogei minututik behin abiatuko da, jaiegunetako goizetan izan ezik, egun horietan ordu erditik ordu erdira ibiliko baita.

Informazio gehiago geralekuetan, 010 informazio-telefonoan eta Udalaren webgunean (www.bilbao.net).