Gogora ekarri nahi dugu, batetik, Bilboko Konpartsek San Tomas egunean egutegien salmentaren bidez egindako zozketaren irabazlea 2.306 izan dela eta Esnetik kooperatibako gaztak, Nekasare baserritar gazteek ekoiztutako barazki ekologikoak zein baserriko txerriki ekologikoak eta bidezko merkataritzako produktuen otzara saria jasoko duela irabazleak.
Bestetik, egutegien salmentarekin lortutako dirua espekulazioari aurre egin eta laborantza lurrak nekazarien esku jartzen diharduen Lurzaindia Ipar Euskal Herriko elkarteari emango diogu. Horretarako, Lurzaindiako kide bat gurekin egongo da eta aukera izango dugu berarekin proiektuaz eta Iparraldeko egoeraz luze solasteko.
Azkenik, 1915ean, Tomas Deunaren Merkatua berriz martxan jarri zuen Felix Garcia Arceluz 'Klin Klon' kazetari bilbotarra zena omendu eta hasierako espiritua aldarrikatzeko, Klin Klon sariak laugarrenez banatuko ditugu Txarriduna Txerri Akademiak eta Bilboko Konpartsok.
Saria San Tomas azokaren esentzia hoberen jaso eta Bilboko prentsan argitaratuko den argazki onenari eta erreportaia onenari emango diegu.