2015eko aurrekontuen inguruko hausnarketak

Elkartzen 2015ko urt. 2a, 10:07

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa garaiako 2015eko aurrekontuen aurrean Elkartzenen gogoeta egin du.

Aurrekontuak politika ekonomikoaren tresna kapitalismoaren zerbitzura. Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez bizitzeko behar dituen gutxienekoak bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Aurrea hartu behar diogu egoerari eta jabetu aurrekontuez ari garenean zertaz ari garen: diru-bilketa egiteko moduaz, bildutakoa zertan gastatu erabakitzeazeta prozesu hori nola egin eta nork erabakitzen duen aztertzeaz. Ez gara ari soilik gastuei buruz. Urtez urte ari gara ikusten errentarik baxuenek bere gain hartzen dutela zergen pisu handiena. Krisia aitzakia besterik ez da kapitalak inposatutako egitura atzerakoiaren oinarrizko ezaugarriak gero eta gehiago indartzeko. Gero eta gehiago dira zeharkakozergak, mailakako elementurik ez dutenak (2015ean %55, 2008an %46 baino ez), beraz, zerga gehienak langileek zein sektore babestu gabeek ordaintzen dituzte. Presio fiskalak Europako baxuenetakoa izaten jarraitzen du, hori dela-eta diru-bilketa txikia da. Diru-sarrera gutxiago izan arren, kupoa eta hitzarmena ordaintzen jarraitzen dugu.

Madrili gero eta diru gehiago ordaintzen diogu bere zorra ordain dezan (gastu militarrak, jaso ez ditugun transferentziak, azpiegitura handiak, ea). Oro har, kupoaren izenean 2015ean Euskal Herriak Madrili 1738,07 milioi euro ordainduko dio (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak 1217,38 milioi eta Nafarroa Garaiak 520,69 milioi euro). Eta, gainera, iruzur fiskala handituz doa eta zenbait “fortuna” handik zigorgabekeria osoa lortu dute. IBERDROLAk aitortzen du paradisu fiskala deitutako herrietan kokatutako hamabi enpresetan parte hartzen duela (2011n baino hiru gehiagotan).

Bere aldetik, 2012an GAMESAk zortzi halako enpresetan parte hartzen du (2011n erdia zuen). Kapitalak alde egitearen arazoari lotzen zaizkio, aurrerakuntza eta zibilizazioaren izenean enpresa hauek daramaten ingurumenaren politika eta jatorrizko herriekiko harremanak, batere sozialak ez direnak. Lan-baldintzak gero eta okerragoak direnez (prekarietatea, langabezia, malgutasuna,soldatak jaistea, pentsio txikiak...), beharrizanak ere gero eta gehiago izango dira. Gainera, egoera horri lotuta gero eta gaixotasun gehiago ari dira sortzen. Osasuna eta hezkuntza gutxika-gutxika pribatizatzen ari dira, sektore publikoa gero eta murritzagoa delako. Etxebizitza eskubidea ere askori ukatzen zaio, eta horrekin negozioa egiten jarraitzen dute bankuek eta eraikuntza enpresek (esplotazioa, diru-laguntzak, zerga arinketak, jendartearen aurkako legeak...). Gizarte prestazioak eta zerbitzuak eregero eta murritzagoak dira, pribatizatu egiten dituzte eta gero eta baldintza zorrotzagoak bete behar dira zerbitzu horiek eskuratzeko. Kontuan hartu behar dugu, bestalde, zorpetzea masiboa dela eta, bai alor publikoan zein pribatuan, euskal arlo finantzarioa porrot egiteko arriskuan dagoela. Hala ere, jarraitzen dute obra “faronikoak” egiten (AHTa, SuperHegoa, SuperPortua...), zenbaiten poltsikoak betetzeko.

Izan ere, hala azaldu daiteke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako (ez daukagu Nafarroako daturik) biztanleen %1,67k ondasun osoaren %44,78 kontrolatzea, biztanleen %8k hilabete osoa bostehun euro baino gutxiagoko sarrerekin bizi beharduen bitartean eta biztanleen %36,33 pobrezia mailaren azpian kokatzen den bitartean. Agian, lan egiteko garaian (16-64 urte bitartean) dauden pertsonen %30 erabateko pobrezian bizi izatea da daturik arriskutsuena. 2015eko aurrekontuek, hutsalak izateaz gain, alderdi politikoek aldarrikatzen dituzten helburuei ez diete eusten berriro ere. Zorraren pisua handitzeak hurrengo hamarkada osoaren benetako jendarte gastuabaldintzatzea dakar, non kupoak, zorra ordaintzeak eta arlo publikoaren jarduera burokratikoek ia bildutako diru osoa eskuratuko baitute.

Esan bezala, 2015erako Madrilek mila milioi euro baino gehiago jasoko du Euskadi Erkidegoko kupoak eta Nafarroako Foru Autonomiaren kontzertu ekonomikoa ordaintzeko, honi gehitu behar diogu egun pairatzen ari garen gehiegizko zorpetzea.

Nafarroa Garaiko zorpetze publikoa bost aldiz biderkatu da krisialdian eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa 12 aldiz biderkatu da azken zazpi urteetan. 2015ean Nafarroa Garaiko zama finantzarioa 340,0 milioi eurokoa izango da eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa 989 milioikoa, 2014ean baino % 21,35 gehiago. Krisi garaiko murrizketek hezkuntza, Osakidetza etaetxebizitza bezalako sailetako diru sarreretan eragiten segitzen dute. Adibidez, 2015ean Etxebizitza Sailordearen gastu orokorra (Administrazio Publikoaren pertsonaeta jarduera gastu guztiak barne) 106,84 milioi eurokoa da. Benetako zenbakietan, 2008-2015 urte bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxebizitzetako gastua %47,2murriztu da, Nafarroa Garaiko benetako gastua %77 murriztu den bitartean (2015ean Etxebizitzan 63,38 milioi euro gastatu zuten bitartean, 2008an 273,88 milioi euro gastatu zuten). Garai horretan, hezkuntzan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gastu murrizketa %7,34koa da, zenbaki errealetan Nafarroa Garaiko hezkuntzaren gastu murrizketa %19,7koa den bitartean.

Hain da lotsagabea klase politikoa ezen esaten dutena ere bete izaten ez baitute. Legearen beharrezko dekretuak, urteko murrizketak, aurretik murriztutako aurrekontuen murrizketak, ea. ikusten ditugu. Ondorioz, aurrekontuek, dokumentu bezala, galdu dute euren funtsa juridikoa eta antzu bilakatu dira. Gobernu ezberdinek esaten digute aurrekontuak ahalik eta sozialenak direla; errealitatean, aurrekontuek adierazten digute euskal erakunde publikoek egiten duten jendarte gastu zuzena hondoratzen doala.

2015ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jendarte gastuak aurrekontu osoaren %41,8 suposatzen du, Nafarroa Garaian %27,5ekoa den bitartean. Bada, jendartea babesteko aurrekontu guztiak alderatzen baditugu BPGekin, Hego Euskal Herrian bere “hiritar”ren artean, beste herri batzuetan “hirugarren munduarentzako laguntza” den BPGen %0,7 baino askoz gutxiago gastatzen ari dela ikusiko dugu. Antolatzea eta borrokatzea beste aukerarik ez dugu. Egoera horren aurrean zera ozen esatea dagokigu: ez dituztela aurrekontu partehartzaileak egingo, ez dute aberastasuna modu orekatuagoan banatuko, eta ez dira bermatuko oinarrizko eskubideak (etxebizitza izateko eskubidea izatea eta pobreziaren mugatik –lurraldeko BPG per capitaren %37,5– gorako diru-sarrerak izatea) ezta kalitatezko zerbitzu publiko sozialak bermatuko ere. Beraz, premiazkoa da ekonomia demokratizatzea bizi dugun egoera prekarioari muga jartzeko. Eta premiazkoa da jendartea eraldatzea eta sistema ekonomiko berria gauzatzen joatea, jendarte osoaren onurarako.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu aurrekontuak egiteko eta erabakiak hartzeko parte hartu ahal izatea, pertsonok ditugun beharrizanei erantzuteko moduko aurrekontuak egin ditzagun. Horretarako, antolatu egin behar dugu, borrokatu eta agintariei gogorarazi eskubideak ez direla negoziatzen ezta hitzartzen ere, errespetatuegiten direla eta bitartekoak jartzea dagokiela horiek bermatuak izan daitezen. Beraz, herritar guztioi dei egiten dizuegu mobiliza zaitezten: atera kalera, mobilizatu eta eginborroka. Aurrekontuak parte-hartzaileak izan daitezen eta aberastasunabanatzeko balio dezaten.

 

BORROKATU ZURE ESKUBIDEEN ALDE!

EGIN AURRE PREKARIETATEARI!

JENDARTEA ERALDATU!

 

www.elkartzen.org