Ikuskizuna 8 karrozak eta 4 animazio-taldek osatuko dute, denak ere berritzaileak eta gaur-gaurkoak, eta ikusleen parte-hartzea bultzatuko da. Bost karrozetan antzerki-ikuskizuna izango dugu, eta bertan doazen aktoreek ikusleekin elkar eragingo dute. Beste hiru karrozak erregeenak izango dira, ederrak eta dotoreak, eta karameluen fabrikaren aurretik joango dira.
Segurtasun arrazoiak tarteko, azken karrozak baino ez ditu gozokiak jaurtiko; izan ere, azken karroza horretan karameluen fabrika handi bat egongo da eta bertatik 4 tona gozoki (iaz beste) jaurtiko dira umeek kabalgataz disfruta dezaten. Kontzentrazioa beharko dute gauza ikaragarriak gertatuko baitira.
Karrozak hauek izango dira: izarra, postariena, eskutitzak jasoko dituen karroza, opariak prestatuko dituen karroza, gozotegi karroza eta hiru Errege Magoen karroza. Baita gozoki-lantegiaren karroza ere.
Honez gain, suhiltzaileak Errege Magoekin batera joango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar umeen etxeetara heltzera laguntzeko.
Animatzaile talde batek umeen eskutitzak patinez jasoko dituzte eta banderak eta hiru Erregeen mozorroak banatuko dituzte.
Gainera, aurten Athleticeko lehoi talde batek Errege Magoen segizioa animatuko dute. Bertan ere euskal kirolari asko izango dira.
Argi eta kolorez betetako ametsa egia bihurtzeko, ikuskizunean 100 aktorek eta animatzailek, eta laguntza teknikoa ematen, 50 pertsona inguruk parte hartuko du . Horrez gain, karroza bakoitzak 12.000 watt argi eta 4.000 watt soinu edukiko ditu.
Garaiz heltzen direnen itxaronaldia girotzeko, eta Kabalgata inoiz baino parte-hartzaileagoa izan dadin, 17:00etatik 18:00etara bitartean, ibilbidean patinatzaile-talde bat ibiliko da aurrera-atzera Errege Magoentzako eskutitzak jasotzen. Horrez gain, triptiko batzuk banatuko dituzte umeen artean, nork gogokoen duen Erregea animatzeko eta gaueko lanerako indarrak emateko.
Trafiko murrizketak
Gaur, urtarrilak 5, ohiko Erregeen Kabalgata dela eta, Bilboko erdiguneko zirkulazioan trafiko murrizketa garrantzitsuak egongo dira. Horrela, 15:30etatik aurrera, karrozen muntaia dela eta, Kale Nagusian, Maria Diaz de Haro eta Bihotz Sakratuaren arteko tarteunea itxiko da eta murrizketa garrantzitsuenak 17:30etatik aurrera egingo dira.
Kabalgata arratsaldeko seietan hasiko da baina ordu bat lehenago, hau da, 17:00etatik aurrera, Kale Nagusiaren ingurunetik ibiltzea baztertzea gomendatzen die Bilboko Udalak gidariei. Halaber, hirian zehar mugitzeko eta ekitaldi biotara joateko garraio publikoa erabiltzea aholkatu du. Garraio publikoko autobus zerbitzua arratsalde osoan egongo da erabateko funtzionamenduan.
Udaltzaingoaren operatiboa
Bestalde, Udaltzaingoak trafikoa antolatzearen ardura edukiko du ekitaldi honetan. Segurtasun Sailak 80 agentez osaturiko operatiboa antolatu du. Ekitaldia ospatzen den bitartean, Udaltzaingoa izango da trafiko zirkulazioa eta Errege Kabalgataren ibilbidea zuzendu eta babesteko arduraduna Udaletxera bidean.
Gainera, arratsaldean eta gauean Segurtasun Sailak agenteek segurtasunaren zaintza eta kontrol lanak burutuko dituzte, jende-pilaketak aurreikusteari begira. Patruilak hirian ibiliko dira, batik bat, Kale Nagusiaren inguruneetan, kabalgata ikusi eta Gabonetako erosketak egiteko jende ugari joatea espero delako.
Desfilea 18:00etan abiatuko da Kale Nagusitik, 79. zenbakiaren parean, eta Moyua Plazatik, Kale Nagusiaren behealdetik eta Plaza Biribiletik igaro eta gero, Buenos Aires kalera desbideratuko da. Ibilbidearen amaiera Udaletxearen aurrean izango da.
Bezperan hasita, Parkearen ondoko Anselmo Clave Paseabideko aparkalekuak murriztuko dira, Kabalgatan parte hartuko duten karrozen muntaketa errazte aldera, Zorrotzaurreko Erriberako Beta Eraikineko aparkalekuan egin behar den bezalaxe.
Horrez gain, karrozak irteten errazteko, 15:30etik aurrera ibilgailuen trafikoa eten egingo da Kale Nagusian, hain zuzen Maria Diaz de Haroren eta Jesusen Bihotza plazaren artean (baita Plazako errail bat eta taxien geralekua).
Pixkanakako trafiko etenak
17:30ak eta 20:30ak bitartean, gutxi gorabehera, Erregeen Kabalgata ibiliko den kaleak eta ibilbidearen zeharkako bideak pixkanaka moztuko dira. Kale horietatik ibiltzeko trafikoa pixkanaka berrezarriko da, Kabalgata igarotzen den heinean.
Behin-behineko bide-mozketak
Hurtado Ametzaga kalea, Bertendona kalearen parean. Bertatik desbideratuko dute ibilgailu partikularren trafikoa. Garraio publikoari dagokionez, Aiala kaletik egin beharko dute, eta kale horrek behin-behinekoz noranzkoa aldatuko du.
Erribera kalea, Mesedeetako Zubiaren parean. Bertatik desbideratuko dute trafikoa, eremu horretan Udaletxerantz abiatzen diren Bilbobuseko lineak izan ezik.
Udaletxearen inguruko eremua, Zumalakarregi Etorbideko biribilgunea, Zingira kalea, Udaletxeko Zubia eta Campo Volantinen artean (Tiboli kaleraino).
Azkenik, Itsasadarraren bestaldetik datozen gidariek Kale Nagusira joan nahi badute, Deustu, Salbe eta Udaletxeko zubietatik ez egitea gomendatzen zaie. Ildo horretan, auto-ilarak saihesteko, Euskalduna Zubitik joatea gomendatzen da.
Garraio publikoan eragindako aldaketak
Erregeen Kabalgata egiten den bitartean, Tranbia eta Bilbobuseko zenbait linea zerbitzurik gabe egongo dira, baina Kabalgatak uzten duen heinean, apurka-apurka ohiko ibilbideak berriro erabiliko dira.