Hil zaigu Didier Rouget

Iratxe Urizar 2015ko urt. 7a, 09:15
Argazkia: www.berria.eus

Laguna, militantea, langile nekaezina. Gaixo zeundela jakin arren, kolpe ederra izan da, egia da badaudela berri batzuk nahiz eta gertatu daitezkeela jakin, inoiz entzun nahi ez dugun horietakoa direla. Lehenik eta behin, gure besarkadarik sentituena eta momentu hauetan gure animorik beroenak bidali nahi dizkiogu bere familiari eta lagun hurbilei.

Zinen moduan joan zara, Didier, umila, zaratarik atera gabe, askok ziurrenik zure gaixotasunaz ez zutela jakingo ere. Baina ezin agurrik esan lehenbizi barkamenak eskatu gabe, Didier, inoiz ez genizun behar bezala eskertu egin zenuen lana. Zu izan zinen kanpoko auzitegi eta instituzioetara bidea erakutsi zeniguna. Pazientzia osoz, behin eta berriz azaldu zenigun Europako Kontseilua eta Kontseilu europearraren arteko ezberdintasuna, Segi eta bestelako euskal erakunde eta elkarte Europako zerrenda beltzetatik ateratzeko helegite amaigabeetan ari zinela. Izena ikastearekin askotan lana ederra bagenuen, bertan aritu behar ginela insistitzen zenuenean. Diskretua, baina nekaezina. Estrasburgon euskal hiritarrek pairatzen zituzten tortura latzak nola salatzen ziren bidea irakatsi zenigun, baita Nazio Batuetako Torturaren Aurkako Komitean ere. Hauengatik epaiak jasotzen hasi ginen lan honen ondorioz. Erakunde honetako Giza Eskubideen Komiteak orain ez hainbeste bronka ederra luzatu zion Estatu frantsesari euskaldunen eskubideak urratzeagatik eta gainera komite honek banan- banan aipatzen zituen eskubide horiek, norbaitek txosten txukuna bidali zien nonbait!.

Estrasburgon ondo azaldu zenuen ere bai zein zen espainiar agintarien asmoa, Doktrina anker berri bat aplikatzen hasi zirenean, baita bertan behera geratzea lortu ere!

Amaigabea litzateke zure lana aipatzen duen zerrenda hemen idaztea; lan nekaezina, bakardadean burututakoa askotan, zure lankideek ere askotan ez genekiena baloratzen!

Eskerrik asko, Didier, bihotz-bihotzez, zure pazientzia amaigabe horrekin irakatsitakoak bere fruitua eman eta ematen jarraituko duela, ziur egon horretaz, eta zuk irekitako bideari eutsiko diogula,

Muxu handi bat

 

Iratxe Urizar, Giza Eskubideen Behatokiaren eta Eskubideak Abokatu Elkartearen izenean