Zabalik dago Ideiak Martxan lehiaketan izena emateko epea

uriola.eus 2015ko urt. 7a, 11:00

Bigarren edizio honetara ekimenak aurkezteko epea urtarrilaren 7tik otsailaren 23ra bitartekoa da. Ideia bera ez ezik, ideia gauzatzeko era ere sarituko da 900-4.000 eurora bitarteko kopuruekin.

Ideiak Martxan Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak antolatutako lehiaketa da. Bilboko pertsona gazteen eta gazteen kolektiboen sormeneko ekimenak gauzatzen laguntzeko dago pentsatuta lehiaketa; hain zuzen, uriko kultur  eta gizarte-giroa aberasten laguntzen duten proiektuekin gazteek bat egiteko.

Aurten, bigarren edizioa beteko duen lehiaketa hau gazteei zuzenduta dago. Banaka zein taldeka har dezakete parte; betiere, baldintza hauek beteta:

- 18tik 35 urtera bitarteko adina izatea (1980-1997 urteen artean jaioa). Parte hartzen duten guztiek bete behar dute baldintza hau, banaka aurkeztu zein taldeka.

- Bilbon erroldatuta egotea. Taldeak direnean, gutxienez taldekide bat egongo da Bilbon erroldatuta.

Izena emateko epea, berriz, 2015eko urtarrilaren 7tik otsailaren 13ra bitartekoa izango da (egun bi horiek barne). Proiektuak Udaletxeko erregistro orokorrera edota Barrutietako Udaltegietako bulegoetara joanda aurkez daitezke, ohiko ordutegietan, edo helbide elektroniko honen bidez: gazteria@ayto.bilbao.net. Oinarriak eta izena emateko inprimakiak www.bilbao.net web orrian eskuratu daitezke.

Gai hauetako baten ingurukoak izango dira ekimenak:

- Ikus-entzunezkoak (zinema, bideoa, irratia eta telebista)

- Arte eszenikoak eta ikustekoak (antzerkia, dantza, pintura etab.)

- Musika

- Diseinua (grafikoa, interaktiboa, moda etab.)

- Literatura

- Softwarea, bideojokoak, multimedia eta Internet

- Arkitektura eta hirigintza

- Komunikazioa. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak

- Gizarte eta kultur arloko jarduerak

- Berrikuntza soziala (partaidetza, kontsumoa, osasuna, turismoa, aisialdia…)

- Zientzia eta teknologia (matematikak, ingeniaritza, eraginkortasun energetikoa, digitala…)

Izaera berritzailea duten, sormena eta parte-hartzea bultzatzen dituzten eta urian eragina izan dezaketen proiektuei emango zaie lehentasuna.

Aukeratutako ekimenei 900 eta 4.000 euro bitarteko saria emango zaie. Horretarako proposamenaren kalitatea eta aurrekontua hartuko dira kontuan.

Ideia bera ez eze, ideia gauzatzeko era ere sarituko da. Irabazleek ekimena gauzatzeko izango duten gehieneko epea 2015eko azaroaren 20ra bitartekoa izango da.

Gazteen Gaietarako Zerbitzuak aukera eskaini nahi die 18 eta 35 urte bitarteko gazteei eurek sortutako proiektuen bidez esperimentatzeko eta ikasteko.

2014an saritutako ekimenak

Lehiaketaren aurreneko edizioan, aurkeztutako 44 ekimenetik 7 saritu ziren, ekitaldien antolakuntzako eta sorkuntza industriako profesionalek eta Gazteen Gaietarako Zerbitzuko teknikariek osatutako epaimahaiaren erabakiaren ondoren.

Saritutako ekimenen artean gai asko bildu ziren, teknologia, iraunkortasuna, moda, artearen eta sorkuntzaren alorra, hirigintza edo gizarte berrikuntza, besteak beste. Urtean zehar eraman ziren aurrera, eta, amaierako ekitaldi moduan, azaroaren 29an jaialdia antolatu zen Bilborocken. Ekitaldi hartan, saritutako ideiak hainbat modutara ikusteko aukera egon zen.