Programazio nazionalaren oinarria honako ekitaldi hauek osatuko dute: Fausto antzezlana, Gosariak, Hor dago ardoa!, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Bertso Korrika eta Bertsolaritzaren sekretuak.
Gosariak
Joseba Sarrionaindia idazleak, Gose musika taldeak eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek indarrak batu dituzte 'Gosariak' lanean. Sarrionaindiak sortutako testuak kanta bilakatzen dira Goseren eskutik, eta era berean irudi bihurtzen dira Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolearen lanari esker, edozein norabide har dezakeen lan bakarra borobilduz.
Nortasun, elementu eta espazio anitz eta desberdinek bat egiten dute 5 zentzumenak elikatu ditzakeen obra bat osatzeko.
Gosariak urriko azken astean kaleratuko da Kutxa‐CD formatuan. Aldi berean, azaroaren 15etik aurrera aparteko kontzertu kopuru mugatu batean taularatua izango da. Bertan irudiak eta kantak elkar limurtuko dira Gosariak "unibertsoa" erakusteko asmoarekin.
Estreinaldia: urtarrilak 22, osteguna: Bilbo – Guggenheim Museoa
Fausto, herritar eredugarri
Fausto kartzelan preso dago. Indultua eskainiko diote, Madame Demokraziarekin ezkontzea onartu eta, ondorioz, herritar eredu bihurtzea onartzen baldin badu. Horrela bada, Faustok Ongizatearen bidea, ezkontzarekin hasiko du, noski, Mefistofeles emaztetzat onartuz. Aurrerantzean izaki honek gidatuko du Fausto ereduzko herritar bihurtzeko zeharkatu beharko duen arrakastarako bide ilun, haluzinagarri, elektroniko, arriskutsu eta atzera bueltarik gabekoan, boterearen eta gailentasunaren bila beti.
Faustoren barkamen eta botererako lasterketa, exekuzio publikoa bilakatuko da. Inork ezin du bizitzea tokatu zaigun kartzelatik ihes egin, ez dagokigun kondena bete behar baitugu jendartean egunero. Zigor batean murgilduta bizi gara, prozesu penalean bezala, gure delitua zein den jakin gabe, baina bai, ordea, gero eta indartsuagoak diruditen gure borreroak.
Sormen diziplina ezberdinak bat eginik: aktoreak, idazleak, musikariak, DJak, raperoak, eszena zuzendariak, diseinatzaileak... Kutsu hiritarra gailentzen da antzezlanean, egunero zapaltzen dugun eta zapaltzen gaituen kaleetakoa, musika elektronikoa eta hip-hopa, testu klasiko eta kaletarrekin nahastuz.
Irudi eta akzio basatiez beteriko antzezlana, kolpe latzez, gezurrez eta ilusioez beteriko bizimodua agerrarazteko. Antzerki panfletoa, kontzertua eta deskontzertua, komedia, tragedia eta performancea C. Marloweren 'Fausto' antzezlana abiapuntutzat harturik.
Martxoak 11, asteazkena: Bilbo – Alondegia (Auditorium)
Bertso-Korrika 2015
2013an abiatu genuen Bertso Korrika ekimena, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean: Korrika herriz herri girotzeko bertso zirkuitua, nagusiki ostatuetan egin zena, ikusleen artean euskaltegiko ikasleak eta bertsozaleak elkartuz.
Lehen edizioan 25 euskaltegi eta bertso-eskola, 99 bertsolari eta 20 gaijartzaile aritu ginen saioetan. 2015ean 29 herri hauetako euskaltegiek eta bertsoeskolek hartuko dugu parte ekimenea. Besteak beste, Bilbokoek.
Korrikaren app-a
Korrika Kulturalaren agenda webgune honetan ez ezik, eskuko telefonoetarako propio sortutako aplikazioan kontsultatu ahal izango da. Akting enpresak garatuta. Bestelakoak ere izango ditu: Korrikaren ibilbidea; martxoaren 19tik 29ra, unean uneko lekuko eramailea nor den jakin ahal izango dugu eta berrikuntza moduan, Korrikak irauten duen egunetan (martxoaren 19tik 29ra) burutuko den argazki lehiaketa. Egunero, jendeak bidalitako argazkirik onenek saria izango dute.
App-a laster egongo da Google Play eta App Storen deskargatzeko moduan.
Hiru lehiaketa martxan
Jendearen parte hartzea bultzatzeko, argazki lehiaketaz gain, euskararen aldeko lasterketa erraldoia hasi baino lehen, hiru lehiaketa jarriko ditu abian.
Bideo-kopla lehiaketa
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Korrikak elkarlanean, bideo-kopla lehiaketa jarri dute martxan. Txapelketa honek helburu bikoitza du: alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta, bestetik, bertsolaritzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituen aukerak erakustea. Kopla lehiaketa baliatu liteke, zuen herriko edo inguruko bertsoeskolarekin zein bertsolariekin harremanak egiteko. Herriko bertso-eskolari zein bertsolariei laguntza eskatu zeniezaiekete (zuen taldera gonbidatuz), kopla sorta hori prestatzeko.
Gaia: Helduen euskalduntzea Kopurua eta euskarria: 6 koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi eta bideoz grabatu bideo-kamera, telefonoa, webcam-a... erabiliz.
Saria: Talde irabazlearentzako bertso bazkaria sagardotegian, bi bertsolarirekin batera.
Izena emateko epea: martxoaren 9a baino lehen bidali behar da; martxoaren 15ean erabakia hartuko da.
Nora bidali: korrika.aek@gmail.com
Abestiaren bertsioen lehiaketa
Korrika 19ren abestia ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, musikatalde desberdinen arteko bideolehiaketa antolatu dugu. Talde bakoitzak Korrika 19ko abestiaren bertsioa prestatu beharko du, letra bere horretan mantenduz eta musika bere estilora egokituz.
Saria: Taldearentzako egonaldi bat.
Izena emateko epea: martxoaren 9a baino lehen bidali behar da; martxoaren 15ean erabakia hartuko da.
Nora bidali: korrika.aek@gmail.com
Bideo-lehiaketa
Aurten euskalkien inguruko bideolehiaketa antolatu dugu Korrika 19 girotze aldera. Parte-hartzaile bakoitzak, norbanako zein taldeak, bere euskalkiaren inguruko bideoa prestatu beharko du. Bideo honetan tokiko euskalkiaren inguruan nahi duen informazioa zabaldu beharko du: egungo egoera, erabilera-maila, hizkuntz berezitasunak, hitz bereziak, azken hiztunak… Euskalki bakoitzaren egoera horren desberdina izanik, gure herrian dagoen hizkuntz aniztasuna agerian jarri nahi du AEK-k .
Bideo-sorkuntzarako baldintzak bi izango dira: 3 minututik beherako iraupeneko bideoa izatea eta «Euskahaldun!» Korrika 19ren leloa behin gutxienez erabiltzea.
Arau teknikoei dagokionez honako baldintzak jarraitu beharko dira: bideoaren formatua MP4 edo AVI (bidaltzeko orduan, ZIP euskarrian, hau da, konprimituta bidaliko da), gehienezko tamaina 10 Gigakoa izango da, eta mezuaren goiburua ”Korrika 19 bideo lehiaketa” izango da.
Gaia: euskalkiak
Saria: Mac gailu bat
Izena emateko epea: martxoaren 9a baino lehen bidali behar da; martxoaren 15ean erabakia hartuko da .
Nora bidali: korrika.aek@gmail.com