Gizakunde plaza “benetan” oinezko gune izateko obrak noiz hasiko zain daude Atxuriko auzotarrak. “Plaza ibilgailuentzat itxiko da”, esanez laburbildu digu Andoni Zabalza Atxurigorri elkarteko presidenteak egiteke dagoen obra. “Urtarrilean edo urtarriletik aurrea” hasiko dira lanak. Izatez, Udalak “Olentzero egunerako amaitzea nahi zuen”, azaldu digu Monike Molina elkartekideak, “baina ez dute astirik izan”. Udal beharginek “dena prest dute” eta “beherala” egin dezaketen obra ei da.
Azken hamar urtetan “hazi” eta “gaztetu” den auzoa da Atxuri. Gainera, Atxuriren handitzea ez da bukatu, gehiago eraikiko baitute. Campuzano aldean etxe berriak egingo dituzte eta “horrek familia berri eta gazte gehiago ekarriko ditu”.
Atxuritarrek Gizakunde plaza beharrezko dute. “Lehen hilik zegoen, baina orain familia asko gara, umeekin, ekintza asko egiten ari garenak, eta horrek bizitza ematen dio auzoari”. Lehen pertsonan hitz egiten dute Andoni eta Monikek, auzoa aldatzen ari direnak beraiek, “auzotarrak” direla adierazteko; “eta ez Udala”. Finean, “jendea auzoan geratzea” dute helburutzat. “Plaza Barrira zihoan Atxuriko jendea umeekin hemen ez zegoelako espaziorik, baina guk aldarrikatu nahi dugu auzoan geratu nahi dugula eta auzoan geratzeko geroz eta erosoagoa izan behar duela espazio publikoak eta geroz eta gauza gehiago egin behar direla Atxuri erakargarriagoa izateko”.
Egun, “sasi oinezkoen plaza” da Gizakunde plaza, “seinaleen arabera”. Errealitatea, bestelako da Atxuriko auzotarren arabera, “hainbeste kotxe” pasatzen baitira egunero. Eta ez Atxuriko kotxeak soilik, asko dira Santutxura doazenak -Basoko bidetik- edota errotonda modura norabidea aldatzeko Gizakunde plaza erabiltzen dutenak. Obra ostean, autoek ezingo dute plazan itzulia egin.
Duela hiru urte hasi ziren Atxurira bizitzera joandako hainbat lagun Atxurigorri elkartean lanean bertako kideekin batera. Kultur ekintzak antolatzeari ekin zioten. Horrela, Olentzero, Inauteriak, Atxuriko jaiak edota Euskararen Eguna berreskuratu dituzte. Lehen Olentzeroa prestatzean, duela hiru urte, “hain ondo atera zenez, inauteriak antolatzera animatu ginen. Gero eta jende gehiago hurbiltzen hasi zen, eta ez bakarrik parte hartzera baita lanera ere, gogotsu gainera. Hasierako talde txikia handituz joan da. Gero eta gehiago gara eta hori ez da oso arrunta”, dio Monikek.
“Gure artean egiten dugu dena, batere laguntza gabe, dena gure poltsikotik jarriz”, zehazten du Andonik. Ekintza horietatik haratago jo nahi dute auzotarrek. “Plan ekonomiko berezi bat lortu nahi dugu auzorako, Bilboko Udalarena eta Bizkaiko Foru Aldundiarena, auzoa berpizteko”. Egun bakar batzutan ez ezik urte osoko zerbitzu eta egitaraua eskaintzera heldu nahi dute. “Astegunetan hemen ez baitago ezer”. Andoniren hitzetan “hiru taberna, bi jatetxe potente, tapizeroa eta harakina baino ez daude”.
Gune estalia
Atxuriko kiroldegiaren ondoan dagoen parkean, kirol gune estalia -horma gabea- eraikitzeko hitza eman zuen joan den urrian Bilboko Udalak. Auzotarren arteko eztabaida, gunearen ezaugarri eta kokapena dela eta, bukatutzat eman zuten, nahiz alde guztiak pozik ez geratu. Hala eta guztiz, denek ontzat jo zuten akordioa, batik bat, gune estali baten beharrizana handia delako.
Egun, baina, “ez gaude ziur” Udalak emandako hitza beteko duen. Monike Molinaren arabera, Atxurigorriko kideek udal teknikariekin abenduan egiteko zuten batzarra urtarrilera atzeratu da, eta “orduan jakingo dugu Udalak eutsiko dion bere konrpromisoari edo zer demontre gertatuko den”.
Kiroldegi ondoko parkea “ez da lekurik onena”, Atxurigorri elkartearen esanetan, saskibaloi kantxa estalia eraikitzeko, parkea baita auzoan “funtzionatzen duen leku bakarra”. Baina Monikeren ustez, une honetan, garrantzitsuago da “konfliktoa bukatutzat ematea” eta kirol gunea “lehenbailehen egitea”. Eta azpiegitura berri bat eraikitzen bada hainbat ekimenerako baliagarria izango den espazioa izatea nahi dute. “Parke bizi bat izateko, auzoan denontzako leku estali bat edukitzeko, adibidez, euria ari duenean egoteko, bertso-afari bat antolatzeko edota baserriko produktuen azoka”.
Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Jose Luis Sabasek adierazi duenez, ondo bidean, maiatzerako prest izango da gune estalia. Andoniri barreak ihes egiten dio. “Duela lau urte eginda egon behar zuen gune estaliak, eta oraindik zain gaude”. Estalpeaz gain, parkea eduki “deigarriz” horni dezala eskatzen diote Udalari. Arbolak, ziburuak eta “Guggenheim ondoan dauden bezalako iturriak” proposatu dituzte. “Deigarriak” diren elementuak auzotarrentzat.
Mekanizazioa
Aldapatsua da Atxuri auzoa Ollerieta-Santutxura bidean. Aldapa eta eskailerak dira auzotar askoren egunerokoa. Esaterako, adineko bizilagunentzat oztopo arkitektonikoak dira. Monikek kontatu digunez, “batzuk ez dira etxetik irteten eskailerengatik”. Udalak, 2015eko aurrekontuetatik diru partida bideratuko du arrapala eta eskailera mekanikoak bertan ezartzeko. Aspaldiko eskakizunari erantzungo dio horrela. “Berri oso ona da”, Monikeren ustez. “Baina egingo dira”, galdetzen du. “Onartutako beste proiektu bat egon zen orain baino lehen, bertan behera geratu zena. Oso mesfidatiak gara, eta ikusi arte itxarongo dugu”.
Udaltegia
Atxuririk kanpoko hiritarrek ez dute Atxuriko udaltegia edo auzo etxea ezagutzen, Gizakunde kaleko 29an. Atxuritar askok ere ez. Atxurigorrik auzo etxean espazio bat lortu duenetik “oso pozik” daude elkartekideak “auzora zabaltzea” lortu dutelako. “Ez dugu jakin udaltegiak zer nolako altxorra gordetzen zuen, bi elkarteek soilik erabili izan dutelako”.
Bigarren solairuan, orain arte, ludoteka -astearte eta ostegun arratsaldetan-, euskal dantzen tailerra -ostegunetan- eta kakorratz ikastaroa antolatu dituzte. Azken hori “oso arrakastatsua”.
Elkartekideek, boluntario moduan, ematen dituzte kurtso eta zerbitzuak. Doan, auzotarrei “ezer kobratu barik”. Euskarari ere lekua egin nahi diote elkartean, eta hori dela eta, eskaintzen dituzten tailerrak “euskaraz ematen ahalegintzen gara”, dio Andonik.
Udaltegian ekintza batzurentzat leku nahikoa ez dagoela eta, Atxurigorrik aurrez aurre dagoen beste udal eraikin batean tokia erabiltzeko baimena eskatu du. “Liburutegi potente bat edukitzeko, mediateka bat, ikasteko gelak, hau da, edonork lekua izateko. Ez giltzak dituenak bakarrik”.
Federazioan
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioan sartu berri da Atxurigorri. Federazioan eta federazioko zuzendaritzan sartu da. Bertan, elkarte beteranoen “esperientziatik” ikasiko dutelakoan daude Andoni eta Monike. “Jendearengana ailegatzeko irtenbideak ezagutzen dituzte, Bilbo osorako ideia asko dituzte, eta gu aholkuak jasotzeko prest gaude”. Auzoan eta Bilboko auzo elkarteen artean espero dute Atxurigorrikoek euren helburua lortzea: “Helburu bakarra daukagu: gure auzoa hobetzea, ez guretzako, baizik jende guztiarentzat”.
Epe laburrean, argazki zaharren erakusketa dute Atxurigorrikoek esku artean. Urtarrilaren 22an inauguratuko dute. 1.000 argazkitik gora eskuratu dituzte. Auzotarrek eman eta utzitakoak dira. Erakusketak auzoko belaunaldi ezberdinak lotu, harremanak sendotu eta Atxuriko historia ezagutzeko balioko duelakoan daude. Aldi berean, dokumental bat egiten ari dira, atxuritarren lekukotzak biltzen, “auzoa zelan aldatu den erakusteko”.