Abokatuen kontrako operazioa gaitzesteko, manifestazioa nazionala deitu dute larunbatean

uriola.eus 2015ko urt. 13a, 16:25

Eragile politiko, sozial eta sindikalek manifestazioa deitu dute gaur goizean LABen egoitzan emandako agerraldian. Martxa larunbatean, urtarrilak 17, 17:00etan abiatuko da Donostiako Antiguoko tuneletik "Giza eskubideak, bakea eta konponbidea" lelopean eta protestaren bidez, euskal presoen defentsa eta ordezkaritza legala egiten duten abokatuen atxiloketa gaitzetsi eta Euskal Herriak "etorkizunera begiratzeko unea" dela aldarrikatuko dute. 

Gaurko agerraldian, manifestazioaren deitzaileek azpimarratu dute, atzoko sarekada "soberan" zegoela, atxilotuak operazioa agindu zuen epailearen disposizioan jarri zirelako eta haien lana Auzitegi Nazionalean, espetxeetan eta ezagupen publikoko bulegoetan egiten dutelako.

Bestalde, gaineratu dute polizia operazioak "izaera erabat politikoa" duela eta "egiazko demokrazia batean eskubideak beste edozein interesen gainetik egon beharko" liratekela. Euskal Herrian preso politikoekiko elkartasun keinuak "ugaritzen doazela" argi utzi dute eta Estatuak keinu horiek "kriminalizatu eta delitu bilakatu" nahi dituela plazaratu dute.

Bukatzeko gehitu dute, bakea, askatasuna eta demokrazia egoera sortzeko ahaleginen aurkako erasoak direla atzoko atxiloketak eta ez duela "denak balio"; "Ez gaude prest etorkizuna Espainiako Gobernuko agintari arduragabeen eskuetan uzteko".

Manifestazioaren deitzaileak: 04/08 epaiketako kideak, abokatuak, AHT Elkarlana, Alternatiba, Aralar, Bilgune Feminista, CGT, LKN Euskal Herria, CNT, Ezker Batua, Egiari Zor, EHE, EHNE, ELA, Eraiki Aralar, Ernai, Esait, ESK, STEE, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, Gite-Ipes, Godatu, Hiru, Ikasle Abertzaleak, Lab, Lokarri, Sortu.