Jose Rafael Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titular izendatu du Kultura ezinegotzi Ibone Bengoetxea buru duen BilbaoMusikako Administrazio Kontseiluak. Izendapena eraginkorra da, hiru urteko hasierako iraupena eta izaera luzagarria duen kontratua sinatu ondoren.
Honela, Bilboko Udal Musika Bandak zuzendari titular berria estreinatu du. 1971n Muron (Alacant) jaioa, Jose Rafael Pascual-Vilaplana, Bilboko Banda behin baino gehiagotan zuzendari gonbidatu gisa gidatu duen ospe handiko musikagile, irakasle eta zuzendaria da.
Zuzendari titular bezala, bere lehenengo jarduna igande honetan izango da, urtarrilak 18, 12:00etatik aurrera, Euskalduna Jauregian. Pascual-Vilaplana arduratuko da banda zuzentzeaz neguko denboraldiko estreinako kontzertuan. Haren batutapean, Bandak Latinoamerikari eskainitako programa osatuko du, Herbert Owen Reed, Michael Gandolfi eta Victoriano Valenciaren obrak bilduz.
Era berean, Pascual-Vilaplanak Bilboko Bandaren neguko denboraldiko azken kontzertua zuzenduko du martxoaren 22an. Azken emanaldi honetarako, Bandako zuzendari titularrak Mendelssohn, Saint-Saëns, Schmitt eta Shostakovichen doinuak biltzen dituen programa antolatu du,`Bandako klasikoak´ izenburupean.
Bilboko Udal Musika Banda 45 musikarik baino gehiagok osatzen dute. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko Bilbao Musika erakunde autonomoari atxikita dago gaur egun, Musika Eskola eta Txistulari Bandarekin batera.
Biografia
Musika ikasketak bonbardinoarekin eta pianoarekin hasi zituen Muroko Musika Batasuneko Musika Eskolan, eta gero, Alcoi eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Jan Cober (Holanda), Eugene Corporon (AEB), Karl Österreicher, Hans Graf eta Yuji Yuhasa (Austria) eta Georges Pehlivanian (Eslovenia) maisuen eskutik, Banda eta Orkestra Zuzendaritzan trebatu zen.
Alemania, Argentina, Belgika, Kolonbia, Kuba, Eslovenia, Espainia, Holanda, Ingalaterra, Italia, Portugal, Errumania eta Suitzako hainbat talde sinfonikoren zuzendari gonbidatua izan da, Matanzas-eko Orkestra Sinfonikoa (Kuba), Bucaresteko Orkestra Sinfonikoa, Cadizeko Manuel de Falla Ganbera Orkestra, Murtziako Orkestra Sinfonikoa, Luganoko Civica Filarmonica, Babierako Schwäbische Jugend Blassorchester (Alemania), Kubako Banda Nazionala edota Buenos Aireseko Udal Banda tarteko direla, besteak beste.
Alacant, Bartzelona, Bilbo, Castelló, A Coruña, Madril eta Palmako Udal Banden, Valentziako Erkidegoko Federazioko Bandaren eta Musikene Bandaren zuzendari gonbidatua ere izan da, beste hainbaten artean. Valentziako hainbat bandatako zuzendaria izan da, Castellseko Castell Musika Batasuna, Bocairenteko Musika Batasuna Elkartea, Yátovako Musika Batasuna eta Xàtivako La Nova Musika Elkartea tarteko direla, baita La Xafigà taldeko zuzendaria ere.
Albaceteko Orkestra Sinfonikoaren ohiko zuzendaria da 2001az geroztik, eta Murtziako UCAMeko Orkestra Sinfonikoaren eta Oportoko (Portugal) Banda Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia. Horrez gain, Orquestra de Vents Filharmonia taldea zuzendu eta Bandako Zuzendaritza irakasten du Vall d’Albaida Eskualdeko Musika Eskolan. 2009tik hona, Istituto Musicale G.A. Fano de Spilimbergo (Italia) deritzon erakundeko ikastaroen Zuzendari Artistikoa da, eta irakasle gonbidatu lanean dihardu Trentoko (Italia) ISEBen eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren Bizikidetzarako Musika Plan Nazionalean.
Ganberako lanak, lan sinfonikoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentalakonposatu ditu, baita Balansiyyà musika ikuskizuna ere. Enkarguzko lanak ere idatzi ditu, Spanish Brass L.M., Luis Gonzalez, Juan C. Matamoros, Ximo Vicedo eta Steven Mead bezalako bakarlarien eskariz. Era berean, epaimahaikide gisa parte hartzera gonbidatu ohi dute Espainia, Kolonbia, Eslovenia, Italia, Suitza edo Portugalgo nazioarteko hainbat konposizio eta zuzendaritza lehiaketatara. Bandarako musika biltzen duten 20 CD grabatuak ditu Audiart, RTVE, FLOC, TABALET eta DE HASKE zigiluekin.
Batuta del Mtro. Tomás Boufartigue saria eman zioten (Habana, 1991). Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997 eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen Ignacio Morales Nieva Musikako Sari Nazionala jaso zuen.