Hamar irudi dira Bilboko metroko paneletan eskegiko direnak; neskatoen eta emakumeen aurka eguneroko bizitzan egiten den indarkeriari buruzko sorkuntza-lanen eta hausnarketen argazkiak dira, hain zuzen ere, antolatzaileek herritarrei erakutsi nahi dizkietenak.
Aurreneko geltokia Abandokoa izango dugu; urtarrilaren 30era arte bertan egongo dira jarrita Andre ta Jabe kanpainako 10 panelak. Urtarrilaren 30etik otsailaren 16ra arte, erakusketa Moyuako geltokian jarriko da; otsailaren 16tik martxoaren 2ra arte erakusketa ikusi gura izanez gero, Indautxuko geltokira joan beharko dugu, zehatzago esateko, Urkixo zumarkaleko irteerara.
Amaitzeko, azaroan Alondegiko atarian abiatu zen erakusketa ibiltari honen azken geralekua Zazpi Kaleetako geltokia izango da, martxoaren 2tik 16ra.
Andre ta Jabe erakusketa Bilboko metroan
- Urtarrilaren 16tik 30era: Abandoko geltokia (irteera: Kale Nagusia - Renfe)
- Urtarrilaren 30etik otsailaren 16ra: Moyuako geltokia (irteera: Ercilla eta diputazio kaleak)
- Otsailaren 16tik martxoaren 2ra: Indautxuko geltokia (irteera: Urkixo zumarkalea)
- Martxoaren 2tik 16ra: Zazpi Kaleetako geltokia (irteera: Unamuno)
Erakusketa udaltegietan
Beste alde batetik, metroko erakusketaren aldi berean, sorkuntzako 9 lanok bertatik bertara ikusi ahal izango dira Bilboko auzo batzuetako udaltegietan.
Erakusketa burutzeko, tailerrak antolatuko dira, herritarrek emakumearen aurkako indarkeriaz hausnartu eta eztabaidatu dezaten eta indarkeria-mota guztiak identifikatzen eta eraldatzen parte hartu dezaten. Erakusketa urtarrilaren 9an inauguratu zen Errekalden; ondoren, Otxarkoaga, Txurdinaga, Begoña, Basurtu eta Zorrotzan jarriko da eta, azkenik, Deustuko Udaltegian amaituko da martxoaren 20an.
- Errekalde, urtarrilaren 26ra arte
- Otxarkoaga eta Txurdinaga (aldi berean), urtarrilaren 26tik otsailaren 9ra
- Begoña, otsailaren 9tik 23ra
- Basurtu eta Zorrotza (aldi berean), otsailaren 23tik martxoaren 6ra
- Deustu, martxoaren 6tik 20ra