Urtarrilaren 19an hasiko da Bilboko barruti guztietan 11. Ikusi eta Ikasi egitasmoa. 2 eta 8 urte bitarteko umeei eta euren gurasoei zuzendutako kultura zirkutitua. Guztira, 51 ekintza izango ditu. "Oso egitarau trinkoa eta intentsitate handikoa" izango dituela aurreratu du Euskaltzaleen Topaguneko Aritza Escandon programatzaileak.
Aurtengo apostu "garrantzitsua" Jolasen Txokoari "buelta batzuk ematea izan da". Horrela Jolasen Txokoan haurrek eta gurasoek elkarrekin olgetan egiteko tailer ugari izango dituzte aukeran. 18 tailer guztira. Txoko hau "klasiko" bihurtu da Escandonen arabera, eta "kristoren tamaina hartu du".
"Beharra ere badelako", guraso erdaldunentzako sentsibilizazio tailerrak eskaintzen jarraituko du 11. edizioan ere Ikusi eta Ikasik.
Sabin Anuzita: "Onuragarria da Bilboko barruti guztietara heltzea"
Bilboko hiru barrutitan hasi zen duela 11 urte Ikusi eta Ikasi egitasmoa Euskara Saila eta Topagunearen elkarlanetik. Egun, "esan dezakegu, Bilbo osora zabaldu dela", Sabin Anuzita Euskara zinegotziaren hitzetan. "Barruti guztietan gutxienez hiru ekintza izango dira" eta hori Anuzitaren arabera "onuragarria da".
11. Ikusi eta Ikasi
Urte berriarekin berriro datoz Bilbora umeentzako ikuskizunik onenak, euskaraz. Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, abian jarri du, aurten ere, Ikusi eta Ikasi programa, 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat.
Ekimen honen helburua da euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, gurasoen artean euskararen transmisioarekiko atxikimendua sustatzea, kulturaren bidezko hezkuntza sustatzea eta kalitatezko programazioa eskaintzea. Hamaikagarren edizio honetako eskaintza era askotakoa da: antzerkia, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak…
Programa urtarrilaren 19an hasiko da eta martxoaren 26an bukatuko da. Nobedade gisa, aurten izen ematea internet bidez egingo da (http://ikusietaikasi.net/tailerrak/). Aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartuko dituzten 30 jarduera baino gehiago garatuko dira hurrengo leku hauetan: Begoñako, Deustuko, Basurtuko, Errekaldeko eta Kastañoseko Udaltegietan, Indautxuko Karmen eta Bilborock Aretoetan, eta Tiboli eta Zamakola eskoletan.
Musikoterapia, nobedade gisa
Jarduera hauez gain, Ikusi eta Ikasi programak tailerren eskaintza bikoiztu egin du. Izan ere, iaz 9 tailer eskaini baziren, aurtengo edizioan 18 izango dira. Aurtengo nobedadea musikoterapia tailerra izango da. Beraz, iazko sukaldaritza, mozorrogintza eta sormenezko eraikuntza tailerrei, musikoterapia ikastaroa gehituko zaie.
Zentzu horretan, Sukaldaritza tailerrak urtarrilaren 27an, 28an, 29an, 30ean eta 31an ospatuko dira Begoñako, Errekaldeko, Kastañoseko, Abandoko eta Deustu Bidarteko Udaltegietan, hurrenez hurren. Tailer hau, martxoaren 17an ere antolatuko da Begoñako Udaltegian.
Mozorrogintza tailerra, aldiz, Begoñako Udaltegian ospatuko da otsailaren 10ean, Errekaldeko Udaltegian hilaren 11an, Abandoko Udaltegian 13an eta Deustu Bidarteko Udaltegian 14an.
Sormenezko Eraikuntza tailerrei dagokienez, datak hurrengo hauek izango dira: otsailaren 2an Basurtuko Udaltegian, martxoaren 10ean Begoñako Udaltegian, martxoaren 11an Errekaldeko Udaltegian, eta martxoaren 14an Deustu Bidarteko Udaltegian.
Bestalde, musikoterapia tailerra otsailaren 20an Abandoko Udaltegian, 23an Zamakola eskolan, 24an Begoñako Udaltegian eta 25ean Errekaldeko Udaltegian antolatuko da. Tailer guztiak arratsaldeko 18.00etan hasiko dira, Deustu Bidarte Udaltegian antolatutakoak izan ezik. Hauek goizeko 11.00etan eta arratsaldeko 18.00etan garatuko dira.
Guraso zein interesdunek www.ikusietaikasi.net webgunean programazioa, albisteak, bideoak eta agenda kontsultatu ahal izango dute; baita aholkuak, tresnak eta baliabideak jaso ere.
6.000 pertsona baino gehiago
Ikusi eta Ikasi programak 11 urte bete ditu jadanik, 2005ean hasi zenetik, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz ume bilbotarren artean aisialdirako, eta beti modu dibertigarrian.
Pasadan edizioan Ikusi eta Ikasi programak 6.227 pertsona batu zituen eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edota dantzaz gozatu ahal izan zuten. Begoñako Udaltegiak 1.047 pertsona batu zituen, Bilborock-ek 730, Deustu Bidarteko Udaltegiak 990, Errekaldeko Udaltegiak eta Errekaldeko eskolak 965, Tiboli eskolak 670, Zamakola eskolak 35, Kastañoseko Udaltegiak 130, Abandoko Udaltegiak 270, Basurtuko Udaltegiak 70 eta, azkenik, Karmen Aretoak 1.320 pertsona batu zituen, hain zuzen ere.