Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak, Peopleing sormen agentziarekin batera, abian jarri du proiektu fresko eta berritzaile bat, mikroantzezlanen bidez, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lan egiteko, gizartean dauden estereotipoak apurtzeko eta arlo guztietan emakumezkoek parte hartzea sustatzeko.
'Microteatro para iguales, para diferentes y para mí' proiektua emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko, horretaz sentsibilizatzeko eta horretan laguntzeko sortu da.
Mikroantzezpenen formatua erabiliz genero ikuspegia eta kultura bateratzean oinarritutako ekimena da. Antzerki-munduko profesionalentzat eta amateurrentzat da ekimena.
Amateurren saila ikasketa-prozesu moduan dago planteatuta. Gidoi eta antzezpen-tailerrak izango ditu eta doakoak izango dira. Tailer horietan , emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna eta artearen alderdi batzuk landuko dituzte parte-hartzaileek.
Gidoi eta antzezpen-tailer hauetan edonork parte har dezake, eta doakoak dira (aurretik izena emanda). 25 lagunentzako tokia dago gehienez. Talde profesionalek zein amateurrek antzeztuko dituzten lanen hautaketa epaimahai batek egingo du, eta honek, alde artistikoaz gain, testuaren eta antzezpenaren egokitzapena baloratuko du; hau da, deialdiaren helburuekin eta testuinguruarekin bat etortzea baloratuko du epaimahaiak.
Antzezpen-ziklo honetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago. [Oinarriak]
Mikroantzezlanak ikusle gutxirentzat
Mikroantzezpenen formatuaz gehien jota 15 minutuko iraupena duen antzezlan bat antzezten dute, gehienez 15 ikuslerentzat. Artista eta ikuslea batu egiten dira eszenatokian, 15 metro karratu baino gutxiago duen gela batean.
'Microteatro para iguales, para diferentes y para mí' proiektuko antzezpenak martxoaren 5etik 8ra izango dira Ercilla hoteleko geletan, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko.