Arriaga Antzokiak ekoitzitako 'Una casa de muñecas' lana ikusteko aukera izan genuen atzo. Ibsenen Casa de muñecas lanaren gaineko begirada ezberdina aurkeztu ziguten. Antzerkia antzerkiaren barruan, metateatroa.
Antzerki konpainia bat 'Casa de muñecas' klasikoa prestatzen ikusten dugu oholtzan. Antzezlana taldean aztertzen dute. Bikote baten istorioa kontatzen du 'Casa de muñecas'-ek: senar-emazteak zoriontsuak dira itxuraz, baina Nora, emaztea, azkenean ohartzen da menpeko papera betetzen duela bikotean eta etxeko bakearen baldintza bakarra dela senarrari hain adeitsu zaion emakume txolin papera betetzera makurtzen jarraitzea.
Tarteka antzezlanaren pasarteak antzezten dituzte. Emakumearen eta generoaren inguruko hausnarketak entzuten dizkiegu konpainiako aktoreei; antzezlana garaikidea izateko agian emakume biak biluzik joan beharko liratekeela esaten dio aktoreetakoa batek besteari, bitartean antzezlanean emakumeak sostenetan bakarrik ikusten ditugu.
Hasierako aktoreen solasaldiak harritu eta mindu nau. Barre artean euskaraz egin zezaketela aipatu dute. Irri egin dute denek. Hizkuntza hautua egiteak barregarria izango balitz bezala. Lan taldean aktore euskaldunak daudela erakusteko antzezlan osoan agurrak eta esaldi laburrak euskaraz esan dituzte.
'Casa de muñecas' oraindik inork ez duela euskarara ekarri dio aktoreak barre artean, lan talde osoa euskalduna izanik eurak ere hizkuntza hautua egin ahal zuten, baina beste behin espainol batuera aukeratu dute ikuskizuna osatzeko.