Bilbon aldaketa sustatzeko EH Bilduk abiarazitako prozesuaren baitan kokatzen den beste hitzordu bat aurkeztera gatoz gaurkoan, larunbat honetan egingo dugun jardunaldi ireki bat, hain justu. Eta aldaketa diogu, EAJk 35 urte luzez Bilbo gobernatu ondoren, gero eta nabarmenagoa baita hiriak aldaketa bat behar duela. Haize freskoa.
Azken urte hauetan are argiago ikusi da EAJk Bilbon garatu duen ereduak hondoa jo duela, gehien dutenen interesei begirakoa dela, eta zaharkitua dagoela. Abiadura biko Bilbo bat eraiki du EAJk, auzoen eta hirigunearen artean amildegia ezarri duena, amildegi urbanistikoa eta amildegi soziala. Eta hau guztiau oso modu kontzientean egin du, gainera.
PNVk urteetan garatu duen politika horren ondorioak sekulako propagandaren bidez eta mendean harturiko hedabideak nahieran erabiliz maisuki ezkutatzen dituen arren, klientelismoa, lagunkeria eta pelotazo urbanistikoak nagusi diren hiria da Bilbo. Gezur eta era guztietako trikimailuak baliatu dituzte Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko eta Kale Nagusia merkataritza kate handiei irekitzeko, saltoki txiki eta ertainei izugarrizko kaltea eraginez. EAJk darabilen politika zaharraren azken adibidea da hori, beste askoren segida. Abandoibarran dorrea altxa zezan Ibredrolari eginiko mesedeak ezagutu ditugu aurretik, Gardokin luxuzko etxebizitzak eraikitzeko amiantoaren inguruko auzi iruzurtia, Artatzaminako konstruktoraren iruzurraren legeztatzea eta BBVAri Plaza Biribilaren zati bat oparitzeko ahalegina, multinazionalak saltoki bat ireki zezan. Bilboren zenbaki gorrien eragile diren hainbat adibide…
EAJk gidaturiko operazioak denak, baina PP eta PSEren leialtasun ezinbestekoarekin, betiere. Joan den astean bere burua aldaketarako berme gisa aurkeztu zuen PSEk, nork eta gairik gehienetan bere botoak EAJren zerbitzura jarri dituen horrek, zertarako eta hurrengo legegintzaldian lehentasunezko bazkide postua ziurtatzeko. Laburbilduz, eta ez gara errepikatzeaz nekatuko, EAJk Bilbon gobernatzen du PPk Estatuko edozein hiritan bezala.
Baina zorionez jendartea nazkatu egin da, eta ‘aski da!’ esan du. Eta hain justu posizio horretan dago EH Bildu, betidanik egon den posizioan, hain zuzen. Aldaketa sakonak eta politikagintza berri bat eskatzen duten herritarrekin. Ziur gaude Bilbon gehiengoa garela nahi duena gutxi batzuen interesei soilik begiratzen dien elitea laster iragana izatea. Horregatik, gure erronkarik nagusiena egoera honi buelta ematea da, gehiengoaren aldaketarako nahia egia bihurtzea, den-denon ilusio eta ekarpenen bidez, den-denon indarrez. Eta horri erantzuten dio larunbaterako antolatu dugun jardunaldi irekiak.
Talde txikietan, parte hartzea errazteko
Hain zuzen, larunbateko ariketa hiriaren diagnostiko bat egiteko lehen helburuz iaz abiarazitako prozesu parte hartzailearen barruan kokatzen da. Aldaketarako oinarriak aztertzeko eta zehazteko lan horretan, esparru guztietako adituek zein arituek parte hartu dute. Aurrena diagnostikoa egiten, eta ondoren, herritar guztiei irekita La Bolsan egin genituen jardunaldi batzuetan. Azaroaz geroztik, gure webgunean, bilbo.ehbildu.eus atarian izan da azterketa horri ekarpenak egiteko aukera, galdetegi baten bitartez. Eta esan behar dugu proposamen esanguratsuak jaso ditugula.
Bada, orain arlorik arloko proposamen horien guztien artean lehentasunak finkatzeko ariketa kolektiboa egitera goazela iragartzen dizuegu. Zabalguneko Azokan hilaren 24an, hau da, larunbat honetan egingo dugun jardunaldi irekian, datozen urteetan, herri programatik harantzago, EH Bilduren jarduna norabidetuko duen ibilbide orria osatuko duten neurriak adostera goaz, denon artean.
Lan saioak goizeko 11:00etan izango du hasiera eta 13:30 inguruan amaitzea espero dugu. Ez da beharrezkoa izena aurrez ematea. Bertara minutu batzuk lehenago agertzearekin nahiko da parte hartu ahal izateko. Hiru bloketan antolaturiko 11 lan taldeetan egingo dugu lan. Hauexek dira blokeak eta lan taldeak: Herritarrak lehenetsiko dituen hiria (Enplegua, Fiskalitatea, Politika Sozialak eta Etxebizitza Eskubidea), Hiri iraunkorra (Hirigintza, Mugikortasuna eta Ingurumena) eta Bertoko kulturan oinarrituriko hiri inklusiboa (Euskara, Gobernantza Herritarra, Aniztasuna eta Politika Feminista).
Talde txikietan egingo dugu lan, bertan bilduriko guztien parte hartzea errazteko asmoz, herritarrak ahalduntzeak berebiziko garrantzia baitu, bilbotarrok izan gaitezen ez soilik Bilboren etorkizuna erabakiko dugunak, baizik bilbotarrok izan gaitezen Bilbon oraina erabakiko dugunak ere.
Hala, maila pertsonalean parte hartuko duten herritarrekin batera, Bilboko elkarte eta eragile sozialetako ordezkariak ere gonbidatu ditugu, zeintzuekin diagnostikoa partekatzen ari garen eta haien ekarpen eta proposamenak jasotzen, hainbat bileraren bitartez. Halaber, aipatu nahi dugu Bilbo behetik gora eta auzotik hiriguneraino eraikitzeko lanean benetan garrantzitsua izaten ari dela EH Bilduk 15 auzotan dauzkan lan taldeak.