Indarkeriak hildako 95 pertsonen 'Memoriaren erretratuak' Bilboko Udalaren esku daude

uriola.eus 2015ko urt. 23a, 12:19

"1960-2010 artean euskal kasuan bizitzeko eskubidearen aurka izandako urraketen udal erretratua" –Bilbori dagokiona, hain zuzen– eman dio Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak gaur goizean Ibon Areso Bilboko alkateari.

Guztira, 95 lagun dira 1960-2010 bitartean indarkeriaren ondorioz Bilbon hildakoak eta hiritik kapo hildako bilbotarrak. Horien izen-abizenak bildu ditu dokumentu batean Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak. Horregatik jarri dio Jonan Fernandezek zuzentzen duen idazkaritzak 'Memoriaren erretratuak' izena dokumentuari. Biktimek "begiak, aurpegia, espresioa dutelako". Finean, "izen-abizenak".

Dokumentu honen helburu da "txosten objektiboa" eskaintzea udalei, tresna "erabilgarria", udalek "memoria politikak gara ditzaten". Izatez, udalen eskariari erantzuten dion lana da Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritak gaur aurkeztua. "Asko" izan dira idazkaritzara zuzendu diren udalak biktimei buruzko informazioa eskatuz. Aurrerago, udalek memoria "kritikoa" egingo duten itxaropena du Fernandezek: "Kritikoa lehenaldiko indarkeriaren aurrean". Gertatua "inoiz ez ahazteko eta inoiz ez errepikatzeko".

Gaur Bilbon eta hurrengo asteetan Donostian eta Gasteizen eta, udal hauteskundeen ostean, EAEko 136 udalerritan banatuko dituzten txostenak "informazio dokumentuak" direla argitu du Fernandezek, biktimen aitortzarekin zerikusirik ez dutenak. Aitortza, "paraleloki" ari da egiten, baina zehaztu duenez, "oraindik eztabaidan dago".

 

95 hildako Bilbon

Bilbori dagokion 'Memoriaren erretratuak' txostena jaso du gaur goizean udaletxean eginiko bileran Ibon Areso alkatek. Guztira, 95 dira indarkeriak Bilbon hildako lagunak eta Bilbotik kanpo hildako bilbotarrak, 1960-2010 bitartean. 72 ETAk hildakoak, 9 GALek, Triple Ak eta Batallon Vasco-Españolek, 7 "poliziaren abusuek", kasu baten egiletza "ez dago argi" eta 6 kasuk "ikerketa gehiago behar dute".

Bilboko hilketen "gordintasunagatik", "zorrotza" izan da ikerketa Fernandezen hitzetan. Osatutako datu basea koaderno euskarrian Areso alkatearen eskuetan dago jada. Aresok eskertu egin du Bakegintza Idazkaritzaren lana, eta Udalak "oinarritzat" erabiliko duela aurreratu du. Hildakoak izan diren tokien mapa osatzea izango da hurrengo pausoa, leku horiek "geolokalizatzea". Hortaz ikerketa "sakonagoa egitea". Hori egin ahal izateko, Aresok gogoratu duenez, 2015eko udal aurrekontuetan bada horretarako diru partida bat. Pauso horietan "kontsentsua" beharrezkotzat jo du alkateak, batik bat biktimen senideena, hildakoak izan diren lekuetan plakak ezartzeak denen adostasuna eskatzen duelako. "Familia batzuk nahi izango dute plaka ezartzea baina beste batzuek ez", azaldu du Aresok.

Bilbori dagokion txostena eskuratzeko klikatu Bilboko Memoriaren Erretratuak

 

'Memoriaren erretratuak'

Zeregin "konplexu eta delikatua" izan da hildakoen zerrenden osaketa Fernandezek adierazi duenez. Konplexua, erakundeek dauzkaten biktimen zerrenden artean "desberdintasun nabarmenak" daudelako. Delikatua, berriz, "muturreko sufrimendua jasan duten familikein" lan egin dutelako. Izan ere, 'Gertu' programaren baitan, Euskadiko "310-315" hildakoren senideekin batzartu dira 'Memoriaren erretratuak' osatzeko. Horregatik dio Fernandezek "harreman pertsonalizatuen perspektibatik" baloratu behar dela txostena. "Arazoak zeuden" testuinguruan kokatu behar dira hilketak, "baina ez da ahaztu behar izen-abizenak zituzten pertsonak hil zirela".