Hartara, E3 linea 10 minuturik behin irtengo da Plaza Biribilaren inguruetatik (Hurtado de Amezaga, 1), 17:00etan jokatuko den Fusto eta Ibargarairen arteko partidua baino ordu erdi lehenago hasita. E3 lineak maiztasun eta ibilbide bereko zerbitzua eskainiko du kirolzaleak bueltan ekartzeko, norgehiagoka amaitu eta ordu erdi geroagora arte.
Zerbitzua arintzeko, lotura-autobusek geldialdi bakarra egingo dute frontoira heldu baino lehen Hurtado de Amezaga 50ean joanekoan eta Hurtado de Amezaga 15ean etorrian.
Azkenik, Bilboko Udalak gogorarazi nahi du pilotalekutik Metroaren, trenaren zein tranbiaren geltokietara heldu daitekeela, Bilboko auzoetara zein inguruko herrietara joateko. Gainera, eta partida-egunetan bakarrik, taxi-geralekua jartzen da Askatasuna etorbideko 11. zenbakian.
Informazio gehiago geralekuan, 010 informazio-telefonoan edo Udalaren web orrian: www.bilbao.net
Finala
Xabi Ibargarai erratzuarrak lortu du bigarren urtez segidan Munduko buruz buruko pala txapelketaren finalerako sailkatzea. Iaz bezala, Pablo Fusto argentinarra izanen du arerio urtarrilaren 24an, larunbat arratsaldeko 5etan Bilbon hasiko den jaialdian. Hain zuzen, argentinarra bosgarren txapelaren bila aterako da. Azkeneko hiru finalak Buenos Airesekoak irabazi ditu.
Finalerdietan, 3-0 iabazi zion Ibargaraik Gaubekari eta Fustok 3-1 Ibai Perez. Faborito izanen da Fusto, baina Ibargaraik ezustea eman nahi du: «Denok dakigu bera dela faborito, maila sinestezina erakutsi du eta arras zaila da berari irabaztea, baina nik nire partida egin, ikusi berak egun txar xamarra duen eta sorpresa eman nahi dut», adierazi zuen erratzuarrak pilotak aukeratzerakoan.
Teoria garbi dauka Ibargaraik, ahalik eta gehien mugiarazi beharra du argentinarra, itxuraz mugikortasuna baita argentinarraren gabeziarik handiena. Baina erratea gauza bat da, eta egitea bertze bat.
Final nagusiaren aitzinetik, hirugarren posturako lehia jokatuko dute Gaubeka eta Ibai Perezek.
(Iturria: www.ttipi.eus)