'basque FEST' eta 'Red Bull Cliff Diving World' aurkeztuko ditu Bilbok amu gisa Fitur azokan

uriola.eus 2015ko urt. 27a, 11:30

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak stand moderno bat partekatuko dute Eusko Jaurlaritzarekin, eta, bertan, 'Bilbao-Bizkaia, be basque' estrategia eta marka sustatuko dituzte bihartik otsailaren 1era arte. Turismo-arloan munduko bigarren azoka garrantzitsuena da Fitur.

Erakusmahaian emango den arretaz, aholkularitzaz eta hitzordu profesionalez gain, bi erakundeek zenbait merkataritza- eta marketin-ekintza antolatu dituzte bisitariaren arreta gehien erakar dezaketen bi ekitaldiak ezagutzera emateko: 'basque FEST' euskal kulturaren jaialdia eta 'Red Bull Cliff Diving World' jauzien final ikusgarria.

Hortzmuga antzerki atldea arduratuko da 'basque FEST'-era jendea "erakartzen". Anfitrioi izeneko pertsonaiak, beren izaera bilbotar tipikoaz eta isekaz, azokako bisitarien artean nahasiko dira eta zenbait saio egingo dituzte, jaialdi hori ospatu bitartean "Bilbon bizi izaten den alaitasuna eta giroa eransteko asmoz". Horrez gain, euskal kulturarekiko hitzordu hori sustatzeko liburuxkak emango dira; jaialdia Aste Santuan egiten da, estatuko bisitarientzat erreferentzia izan nahi duten turismo-helmugetarako funtsezkoa den oporraldian.

'Red Bull Cliff Diving World' jauzien finala da Bilbok Fiturren aurkeztuko duen bigarren amua. Irailaren 26an izango da. Udalaren hitzetan "hiria eta lurraldea sustatzeko trakzio-gaitasuna daukan elementu bat da". Probak duen ikusgarritasuna baliatuz, jauzien irudi handi bat daukan photocall bat ipiniko da standean. Bisitariek beren buruaren argazkia atera ahal izango dute Bilboko itsasadarrean jauzi egiten duen jauzilaria izango balira bezala. Proba hori gizarte-sareetan dinamizatzeko, lehiaketa bat antolatu da Facebook eta Twitteren. Parte-hartzaileek beren argazkia #saltaBilbao traola erabiliz igo beharko dute eta jauzilarien final hori dela-eta, Bizkaiko hiriburura bidaiatzeko eta proba antolatzaileen ontzitik ikusteko zozketa batean sartuko dira.

 

Identity in Itself eta Crossroads of Culture, Bilbao-Bizkaiaren katalogo berriak

Bilbao-Bizkaiak bere materialei katalogo berriak gehitu dizkie hiriaren eta lurralde historikoaren turismo-eskaintza sustatzeko. City & Land, Identity in Itself eta Crossroads of Culture aldizkariek hiriko kulturan, kostaldean, naturan eta gastronomian oinarritutako proposamenekin bat egin dute. Argitalpen landu horiek bi erakundeek aspalditik garatzen duten turistak erakartzeko politika indartu, eta bi eguneko batez besteko egonaldia luzatzeko berezko nortasuna eta erakargarri nahiko dituen eskaintza turistikoa bistaratu nahi dute.

Identity in Itself. Katalogo horrek euskal kulturaren agerpen nagusiak aztertzen ditu: museoek dauzkaten bildumak, mitologia, gastronomia, kirol tradizionalak zein hainbat ekitaldi eta ospakizun, hala nola Aste Nagusia edo 'basque FEST'. Beti euskal kulturarekin lotuta dauden esperientzia horiek zuzenean bizitzea da helburua.

Crossroads of Culture. Argitalpenak kultura-ikono nagusiak birpasatzen ditu: Guggenheim Bilbo Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa nahiz Bizkaia lurraldean kokatutako pinakoteka garrantzitsuak. Katalogoan kultura-proposamen erakargarri batzuk jasotzen dira, bestek beste: ondarea, artea eta diseinua ezagutarazteko bisitak, Erdi Aroko hiribilduetarako txangoak, Land Art eta kultura-jarduerak, adibidez operaren denboraldia, Musika-Musika jaialdia edo BBK Live.

 

Argitalpen horiek iaz editatutako katalogoekin bat egiten dute, zehatz-mehatz:

City & Experience. Aldizkariak Bilbo hiri-helmuga gisa agertzen du, hiriaren gune turistikoa Bilbo administratiboa baino handiagoa dela eta metropolialdea Bilbori lotutako hiri-gune turistikoa dela adieraziz. Arreta berezia jartzen du itsasadarraren bi ertzetako udalerrietan.

City & Land. Aldizkari honek Bizkaia lurraldean zehar ibilbide bat egitea proposatzen du, eta kostaldea, parke naturalak, historia- eta ondare-balio handiko hiribilduak, gastronomia bikaina eta abar konbinatzen dituen sarrera-ate gisa aurkezten du Bilbo. Ibilbide bat lurraldeko erakargarri turistiko nagusietan zehar.

Sea in its soul. Aldizkariak Bizkaiko erakargarriak agertzen ditu: marinel-herri harrigarriak, surfa egiteko hondartza ikusgarriak, labarretako ibilaldiak, kostaldeko sukaldaritza tipikoa…

Naturally! Bilboko eta Bizkaiko gune eta parke naturalak dira liburuxka honetako protagonistak. Zerurantz doazen mendiak, belardi lasaiak agertzen dituzten haranak, baserriak eta haien ortuak, bide berdeak…

Gastronomy & Enotourism. Euskal sukaldaritza ospetsua da aldizkari honetako leitmotiva; bertan, lurraldeko plater zaporetsuak, lurreko produktuak edo azoka ikusgarriak nabarmentzen dira.