Zalantzaren bat bazegoen, honela ezabatuta geratu da. Bide batez ozenki adierazi du, hobekuntza hori guk “egindako ahaleginari" zor zaiola, "jokabide eredugarria eta konpromiso solidarioa" erakutsi baititugu urte hauetan. Gure sakrifizioari eskerrak, ekonomia eta enplegua suspertzen ari direla jakiteak atseginez betetzen du gure barrena. Pozten gaitu pairatu ditugun murrizketek laster fruitu bikaina emango dutela jakiteak.
Eta ahalegina ahaleginaz ordaintzen da. Gurea eskertzen duen bezala berak ere "ahalegin bat egin nahi izan du pentsioen balioa handitzeko, ahal izan den neurrian". Izan ere, pentsiodunok ez ginateke erantzukizunez jokatzen ariko ministro andereari ezinezkoa eskatuko bagenio, jakinda dakigun bezala, zein nolako samina sentitzen duen neurri hauek hartzen dituenean. Eta ez dezagun ahaztu "%0,25 horrek 271,83 milioiko gastu gehigarria ekarriko diola Gizarte Segurantzari". Ongi diozu, ministro anderea, askotan pentsiodunok ez dugu gogoan hartzen zenbat kostatzen den ematen zaiguna.
Urte hauetan, gutxitan bezala ikusi ahal izan dugu sektore ezberdinen eskuzabaltasuna: banku, enpresari, armada, politiko eta langileena eurena ere. Azken hauek, esaterako, beste sakrifizio batzuen artean, ordu gehiago sartzen ari dira ordainsari txikiagoaren truke, eta gainera jubilazioa bi urte atzeratzea onartu dute. Pentsiodunok ezin genuen gutxiago izan. Agian utz genezakeen pentsio saria altxatu gabe, edo are gehiago, premia oso larria bada, zerbait jaitsi. Hilean kafetxo bat gutxiago hartuz, arazoa konpontzen lagun badaiteke, prest gaude, ministro anderea.
Baina behar-beharrezkoa dena soilik, ministro anderea. Zuk ongi ulertuko duzun bezala, bada zure eskutitzean kezka txiki bat sortzen diguna: "%0,25 igoko dira pentsioak, erretiro pentsioen balioa handitzeko 'indize berria' aplikatzearen ondorioz". Agian, ulertu behar dugu lehen pentsioak igotzeko KPIren indizea erabiltzen zen bezala, aurrerantzean %0,25 izango dela? Baina, ez duzu, bada, lerro batzuk gorago esan gure sakrifizioei esker "Gizarte Segurantzaren kontuen emaitzak hobetuz joango direla?" Hala den neurrian, aipatu aldaketa hori ez da beharrezkoa izango.
Hala ere aurrerantzean indize berria aplikatuko balitz, ahaztu ezazu gutun hau eta Euskal Herriko perntsiodunok helaraziko dizkizugu gure erreibindikapenak.
Ez horregatik, ministro anderea.