'Maitasun erromantikoa desmitifikatzen' hitzaldia gaur Zirika Herri Gunean

Bizi garen jendarte honetan, jaiotzen garenetik apurka-apurka ikasten goaz zein baliotan hezi behar garen, zer eta nola jan behar dugun, nola harremandu behar garen, nor edo zer eta nola maitatu behar dugun, noiz eta nola sentitu behar dugun plazera, tristura, poza... Batzuetan era sutilean eta besteetan oso bortizki gorpuzten eta barneratzen ditugu inposaketa horiek gureak egin arte, natural direla sinistu arte.

Gainera, sistema kapitalista basatiaren logikak markatzen digun bizimodu zoro-eroak harrapatu egiten gaitu, eta gehienetan gure balio eta desirak etengabeko kontraesanetan dihardute dantzan... eta hori gutxi balitz, gure denboraren kudeaketa osasuntsu bat egitea ezinezko bilakatzen zaigu gehienetan. Gaur egun korrika eta presaka ibiltzen gara alde batetik bestera, ez dugu denbora eta espazio egokirik gure burua zaintzeko, are gutxiago inguruan ditugunak zaintzeko, harreman osasuntsuak sortzeko, gure aisia modu aktiboan bizitzeko... Finean, sistema honek indibidualismora, lehiakortasunera eta familia antolaketa hertsi batean harremanak garatzera behartzen gaitu.

Jendarte eredu honi aurre egiteko sarritan aipatu dugu Feminismoa dela bidea eta giltza. Zenbatetan aritu gara denboraren kudeaketa feministaz, zaintzaz, harreman osasuntsuetaz, sexualitate askeaz, elikadura subirautzaz... etab. luze batetaz hitz egiten?

Gai hauen inguruan teorikoki jarduten garen arren, praktikara pasatu behar izaten dugunean oztopo, kontraesan eta bakardadea sentitu ohi dugu. Bizi dugun errealitate eta egoeraren kontzientzia hartzeak bidearen zati handi bat errazten digu. Eraldaketa prozesu batean subjektu aktibo bihurtu behar gara eta maila pertsonaletik borroka politikoa bideratu; pertsonala baita maila handi batean, gure bizitza antolatzen duena, abiapuntua eta motorea.

Gure buruaren jabe izan nahi dugulako eta bizitza modu zoriontsu, osasuntsu eta askean bizi nahi dugulako: NI + ZU + GU = Nola egingo dugu?

Honen inguruan hausnartzeko, Bilboko Bilgune Feministak otsailean hurrengo tertulia feminista irekiak antolatu ditu. Animatu eta parte hartu!

NI + ZU + GU = Nola? IZAN BURUJABE, IZAN ASKE!

Otsailean, Zirika Herri Gunean (Erronda kalea 12), 19:00etan

Otsailak 5 osteguna: 'Arrakala: zirrikutu bat haitzean' dokumentalaren proiekzioa

Otsailak 9 astelehena: 'Maitasun erromantikoa desmitifikatzen', Amaia Zufia eta Pili Alvarez

Otsailak 20 ostirala: 'Sextabaida', Mireia Delgado

Otsailak 25 eguaztena: 'Zaindu maite duzun hori', Bilboko Bilgune Feminista

Otsailak 27 ostirala, 7Katun, 20:30ean: JAIA



+Info: Facebook: Bilboko Bilgune Feminista / bfbilbosarea@gmail.com

www.bilgunefeminista.org