Korrika 19

45 kilometro egingo ditu Korrika 19k Bilbon

uriola.eus 2015ko urt. 29a, 10:39

Bi hilabete barru bukatuko da Korrika 19 Bilbon, martxoaren 29an, hain justu. Korrikaren garrantziaz eta prestaketaz hitz egin dio URIOLAri Garbi Alkorta AEK-ko kideak. Bera da, besteak beste, Korrikak Bilbon egingo dituen 45 kilometroren arduradun.

Korrika 14tik ez zen Bilbo Korrikaren helmuga. Orduan, Garbi Alkortak zuzendu zituen azken egun hartako ekitaldiak. Harrezkero lotura zuzena du Garbik Korrikarekin. Bilboko kilometroen arduradun moduan, hain zuzen ere.

Aurtengo Korrika 19k kilometro asko izango ditu Bilbon, 45 kilometro zehatz-mehatz. Bi hile barru, martxoaren 29an, goizeko 7etan Enekuritik sartuko da eta bost ordu eta erdiren ostean, 12:30ean, Areatzan bukatuko da. Lan handia ematen du ibilbidearen diseinuak, besteak beste, auzotarren eskariei erantzuten ahalegintzen delako AEK eta era berean Udalaren adostasuna jaso behar duelako.

Garbik aurreratu digunez, aurten lehen aldiz pasako da Korrika Olabeagatik eta Deustuko Erriberatik. Baita Atxuritik ere. "Nik dakidala lehen aldiz ibiliko da Korrika Atxurin", dio auzoan bertan bizi den Garbik irribarretsu.

 

Korrika ibilbidea