Euskal folklorea eta tradizioa erakusteko 46 ikuskizun

uriola.eus 2015ko urt. 29a, 12:26

Dantza Plazetan egitasmoak aurten hamalaugarren edizioa izango du. Euskal folklore herrikoia sustatzeko helburuz, herrietako plazetan egiten ziren erromeriak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskaintzea du xede. Egitaraua aurrera eraman ahal izateko, Udalak Bilboko zazpi dantza talderen eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntza aktiboa du.

Dantza Plazetan egitarauaren aurtengo edizioak 46 emanaldi biltzen ditu, urte osoan banatuta Deustuko, Begoñako, Ibaiondoko, Abandoko eta Basurtu-Zorrotzako barrutietako plazetan.

Egitaraua larunbat honetan hasiko da, 20:00etan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik, hilero, azken zapatuan, Zazpi Kaleetako Santiagoko plazatxoan, ospatzen den erromeria tradizionalarekin.

Aipatutakoarekin batera, ekimenean parte hartuko duten gainerako taldeak hauek izango dira: Bihotz Alai Dantza Taldea, Gaztedi Dantzari Taldea, Ibai–Arte, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Beti Jai Alai, 1. barrutiko taldeen koordinakundea, Deustuko Folklore Taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarra dantza taldeen federazioa.

Beste urte batez, aurtengo edizioan ere umeen erromeria ospatuko da, apirilaren 25ean, Indautxuko Felix Serrano ikastetxean. Horrez gain, uztaileko zapatu guztietan Arriagako plazan udako dantzaldiak izango ditugu –lehen igandean izan ezik, Kalealdiarekin bat datorrelako–, eta ekainaren 13an, Areatzan, Larrain Dantza ospatuko da, izan ere, azken edizioetan lortutako arrakasta ikusita, Euskal Herriaren nortasun ikurra den dantzaren presentzia finkatu egin da Bilbon.

 

DANTZA PLAZETAN - Urtarrileko eta otsaileko egitaraua

 

LARUNBATA, URTARRILAK 31

20:00 Santiago Plaza

Erromeria (Salbatzaile Dantza Taldea)

 

LARUNBATA, OTSAILAK 7

20:30 San Pedro plaza (Deustua)

Erromeria (Deustuko Folklore Taldeak)

 

IGANDEA, OTSAILAK 8

11:30 Deustua

Erraldoien kalejira (Ondalan Erraldoien Konpartsa)

12:00 San Felizisimo

Erromeria (Bihotz Alai)

 

LARUNBATA, OTSAILAK 21

11:30 San Inazio

Erraldoien kalejira (Ondalan Erraldoien Konpartsa)

12:00 Santutxu (Hainbat plaza)

Kalejira eta umeen dantza emanaldia

19:00 Aita Donosti Plaza

Erromeria (Beti Jai Alai)

 

LARUNBATA, OTSAILAK 28

20:00 Santiago Plaza

Erromeria (Salbatzaile Dantza Taldea)

 

Erromerien, emanaldien eta kalejiren egutegi osoa Bilboko Udaleko web gunean, www.bilbao.net helbidean edo herritarren informaziorako 010 telefonora deituz kontsulta daiteke.