San Nikolas-Ciudad Jardin arteko tren zerbitzua autobusak eman dezala eskatu dute

uriola.eus 2015ko urt. 29a, 10:15

Argazkia: www.euskotren.es

Hurrengo hilabetetan, Bilbo-Lezama tren lerroan, Alde Zaharra eta Ciudad Jardin arteko lotura moztuko dute metroko 3. lineako obrak direla eta. Uribarriko Gure Etxea elkarteak zerbitzu hori autobusak eman dezala eskatu du.

Metroa eta trena bateratuko dituen San Nikolaseko geltokiak obretan emango du denbora luzea. Hori dela eta, Euskotreneko Bilbo-Lezama ibilbideko erabiltzaileek "Alde Zaharrera heltzeko aukerarik ez dute izango". Gure Etxea elkartearen arabera, "buelta egiteko ere ez".

Horregatik, "auzo elkarte bezala" eta, "erabiltzaleen eskaerei erantzunez", San Nikolas eta Ciuda Jardin geltokiaren arteko komunikazioa autobus bitartez emateko eskatu dio Gure Etxeak Eusko Trenbide Sareari eta Bilboko Udaleko Garraio sailari.

Elkarteko idazkari Karlos Ruizen arabera, "aterabide honek beste batzuetan funtzionatu izan du", adibidez, Matiko eta Alde Zaharreko geltokien artean. Idazkaria prest agertu da bi erakundeetako ordezkariekin batzartzeko "aterabiderik egokiena proposatu eta eztabaidatzeko". San Nikolasen, 3. lineako geltoki berriaren obrak Lezama eta Alde Zaharrearen arteko bidaiarien zerbitzua ez moztea du helburutzat Gure Etxea elkarteak.