Alerta laranjaren ondorioei aurre egiteko neurriak

uriola.eus 2015ko urt. 30a, 08:45

Larunbat eguerdira arte, metro koadroko 80 litro tarteko prezipitazioak egongo dira, eta larunbatetik aurrera, elurra mara-mara egingo du. Udalak martxan du elurteetarako operatibo berezia.

Bilboko Udalak jakinarazi du, gaur, ostirala, hilak 30, hiria alerta laranja egoeran sartuko dela metro koadroko 80 litro tarteko prezipitazio etengabeengatik. Egoera larunbat eguerdira arte mantenduko da, eta horren ondotik, beste alerta laranja bat izango da, baina kasu honetan elurragatik, 200 metrotik behera jaits liteke eta.

Egoerari aurre egiteko, Udalak elurteetarako operatibo berezia abiarazi du asteburu osoari begira, izotz-plaken agerraldia saihesteko lan prebentiboak eta kalean meta daitekeen elurra kentzeko lanak tarteko direla. Horrez gain, 180 tona gatz bildu ditu.

Gainera, hiriko barruti guztietan zehar banatutako ehun bat pertsonaz eta 42 ibilgailuz osatutako garbiketako operatibo berezi bat bide nagusiak eta hiriaren goiko aldeak zirkulazio-egoera onean mantentzeaz arduratuko da, jendearen joan-etorriak  erakartzen dituzten merkatuei, osasun-zentroei, ikastetxeei eta garraio-zerbitzuei arreta berezia eginez.