Elurra mara-mara

uriola.eus 2015ko ots. 4a, 11:33

Eguraldi iragarpenak bete dira. Elurra ari du Bilbo aldean goizaldetik. Hiriburua zuri esnatu da ezohiko irudi ederrak utziz. Baina elurrak badu alde iluna ere, Bilboko sarbideetan eta hiriguneko goi auzoetan arazoak sortu ditu leku askotan auto pilaketak sortuz.

Bilboko Udalak jakinarazi du gaueko elurteak "hiri osoari" eragin diola, bereziki "goiko auzoei eta aldapan daudenei". Udaleko Krisi Mahaia goizeko lehenengo orduan eratu da, eta kalte eta eragozpen gehien pairatzen ari diren auzo horiek erabateko lehentasuna bilakatu dira, garraioekin eta osasun-zentro, ikastetxe eta merkatuetarako sarbideekin batera, goiz osoan lanean diharduten garbiketa-taldeentzat.

Elurteak arazoak eragin ditu Bilbobuseko zenbait zerbitzutan, batez ere goiko auzoetan eta aldapa handiko lekuetan. Autobusak aldapak igo ezinik, geldi ikusi ditugu, gainerako ibilgailuei bidea moztuz, Txomin Garat etorbidean eta Zurbaranbarrin, besteak beste. Arangoiti eta Otxarkoagan ere kostata ibili da autobusa. Erabiltzaileek denbora asko eman dute geralekuetan zain.

Bilborako sarrerei dagokienez, Santo Domingo eta Artxanda itxita daude ibilgailuentzat, eta egoera zaila da Zabalbideko, Montevideo Etorbideko eta Otxarkoagako sarbideetan.

Santo Domingon ere, aireporturako sarbidea itxita dago, eta ordezko ibilbide gisa, Txorierriko Tunela erabil daiteke, Deustuko Zubiaren eta Pio X Plazaren ondoan.

Bilbo hirugunean ere hainbat eragozpen eta traba dauzkate ibilgailuek. Zumalakarregi etorbidean autoak geldiro dabiltza. ek arazoak dituzte goi auzoetan, aldapetan bereziki. Txomin Garat etorbidean hiru autobus ez atzera ez aurrera geratu dira, Zabalbiderako aldapan, bidea moztuz. Ganetako errepetidorearen matxuragatik Bilbobusen irrati konexioa etenda dago.

Bilboko Udalak Elurteen Operatibo Berezia aktibatu zuen atzo, gauerdiaz geroztik hotza eta elurragatik indarrean sartu den alerta laranjari aurre egiteko.

Prebentzio-neurri gisa, atzo iluntzeaz geroztik, garbiketa-taldeek gatza bota dute kalterik handiena izan dezaketen hiri-guneetan: Artxanda, Enekuri, Miraflores gaina, Zabalbide kaleko zatirik altuena Arabella parean, Zurbaranbarri eta Lezamako Trenbide Zaharra, Otxarkoagako zati altua eta hiriko auzo altuetako zona ezberdinak (Zazpi Landa, Altamira, Kobetamendi, Mintegitxueta, Masustegi, Uretamendi–Betolatza, Artatzu Goikoa, Pagasarri bidea, Arraizko bidea, Buia).

Gatza zabaltzeko talde horien lehentasunetariko bat da hiriko bide nagusiak eta zubiak erabiltzeko moduan izatea: Kale Nagusia, Hurtado Amezaga, Autonomia, Montevideo Etorbidea, Errekalde Zumarkalea, Salbe Zubia, Elkano, Deusto Zubia, Agirre Lehendakaria Etorbidea, Sabino Arana Etorbidea, Zumalakarregi Etorbidea, Maurice Ravel Etorbidea, Zabalbide, Zarandoa Etorbidea eta Morgan bidea.

Halaber, merkatuetara, ikastetxeetara, garraio-zerbitzuetara (Termibus, autobus-geltokiak eta -geralekuak, metroa eta trena) eta osasun-zentroetara eta ospitaletara joateko sarrerak bermatuko dira; arreta berezia izango da Santa Marina Ospitalerako errepidearekin.

Prebentzio-neurri horiek hartuko dira, baita ere, oinezkoen pasabideetan (Zubi Zuri eta Arrupe), espaloietan, eskaileretan eta aireko pasabideetan.

Ezarritako planari erantzunez, Segurtasun, Espazio Publikoko eta Obra eta Zerbitzu sailetako 500 langile inguruk lanean dihardute hiriko bideak eta espazio publikoak segurtasunez eta behar bezala erabiltzeko moduan izan daitezen. Horrez gain, elurra urtzeko materialak zabaldu eta elurra kentzen dihardute beharrezkoa den lekuetan.

 

Irrati eta telefononia sarean arazoak

Telefono linean izandako matxuragatik Laboral Kutxa eta BBVAko kutxaizanek ez dute funtzionatzen Bilbon. Ganetako errepetidorearen ere matxura izan da eta ondorioz Bilbobusen irrati konexioa etenda dago.

 

Gomendioak
Elurrak eta hotzak eragindako egungo alerta laranjan, Bilboko Udalak honako gomendio hauek luzatu dizkie hiritarrei: adinekoak edota gaixorik dauden pertsonak etxean geratzea eta kalean aterperik gabeko pertsonarik ikusiz gero, Udaltzaingora deitzea (092), udal baliabide desberdinetan aterpea eskaintzeko asmoz.


Ibilgailua erabili behar izanez gero
- Arreta handiaz jokatu espazio irekietan eta leku altuetan ibiltzean
- Autoa berrikusi: balaztak, pneumatikoak, argiak, izotz-kontrako likidoa, bujiak...
- Aldez aurretik informazioa eskuratu aterpea hartzeko lekuei buruz (aterpeak, hotelak...)
- Autoan eraman irratia, pala, soka, linterna bat eta berokiak, hala nola kaloria ugaridun elikagaiak (txokolatea, fruitu lehorrak...)
- Gasolinaren depositua beteta eduki, eta 100 kilometrorik behin gutxi gora behera bete.
- Ekaitzak autoaren barruan harrapatzen bagaitu, bertan geratu. Martxan eta berogailua piztuta egonez gero, leihatila erdi zabalik utzi, aire berria sartzeko. Ez lokartu inolaz ere eta ipini antenan zapi bat arreta erakartzeko.
- Elur edo izotz gogorrik egonez gero, ipini kateak autoan
- Martxa laburrekin gidatu, norabidea modu bortitzean aldatu barik. Aurrera egin, ahal bada, beste ibilgailuek utzitako arrastotik. Izotzik badago, autoaren alboetariko bat zapaldu gabeko elurretik ibili beharko da.
- Ez zapaldu balazta izotzik badago. Hobe duzu autoak izotz-eremua berez zeharkatzea.
- Ihes-hodia elur barik eta desblokeatuta eduki, horrela kea ez da autoaren barrualdera sartuko.

Elur-kota 200 metrotan

Gauerdiaz geroztik alerta laranja egoeran sartu gara hotzagatik eta elurragatik, eta gaur eguerditik aurrera, elur-kota 200 metrora eta noizbehinka itsas-mailara jaits daiteke. Aurreikuspenen arabera, egoera bere horretan manten liteke asteburura arte, eta horren aurrean, errepidez joan-etorririk ez egitea gomendatu dau Udalak. Egin behar izanez gero, arreta handiz ibiltzea eta aldez aurretik bide-sarearen egoerari buruzko informazioa biltzea gomendatzen du.