Kantua nagusi Agate Deunaren bezperan

uriola.eus 2015ko ots. 4a, 10:34

Urtero legez, heldu da Agate Deunaren bezpera eta Bilboko hainbat auzotan, kopla eta abestiak entzuteko aukera egongo da. Lehenego hitzordua Suhiltzaileen abesbatzak eskainiko du 11:00etan Udalean. 

Neguan sartu eta oles egiteko garaia heldu da. Gaur, Agate Deunaren bezperan, koplak eta kantuak entzungo ditugu Bilboko kaleetan barrena.

Goizeko 11:00etan, Udaleko Hallean, prentsa aretoaren ondoan, Suhiltzaileen abesbatzak abestuko du; 12:45ean Arratiakoak eta azkenik, 13:30ean Bilboko Udalekoak.

Arratsaldeari begira, 19:00etan, Berbaizu euskara elkarteko kantugintza taldea eta Bihotz Alai Folklore Taldea elkarrekin aterako dira Deustuko kaleetan barrena. 19:00etan dute hitzordua Done Petri plazan eta bertatik abiatuta, abesti, txistu eta gaitarien doinuekin auzoko kaleak girotuko dituzte.

Santutxuko kantu taldea 19:30ean abiatuko da Karmelo elizaren atzetik, metroko igogailuearen ondotik eta auzoko kaleetan ibiliko dira Agate Deunaren bezperako kantuak kantatuz.

Bukatzeko, Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleek koplak ikasi eta kantatuko dituzte gaurko egunean. Ondoren, arratsaldean, 19:30ean, Kafe Antzokitik abiatuta, Abandon zehar ibiliko dira Algara konpartsarekin batera.

Etxeko txikiek ere hitzordu berezia dute gaurkoan, hainbat ikastola eta eskolatan kantuan aterako baitira.