alt-J talde ingelesa gailentzen da datorren Bilbao BBK Live jaialdiko kartelarekin bat egin duten bost talde berrien artean. Hain zuzen ere, 'Azealia Banks' rap-kantariak, Sheppard australiarrek, Triggerfinger belgikarrek eta The London Souls newyorktarrek ere jokatuko dute. Aire zabalean egiten den rock-ikuskizun handia uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango da, Kobetamendiko zelaietan. Nazioarteko izar bikainak egongo dira, hala nola Muse, The Jesus and Mari Chain, Ben Harper eta Counting Crows, beste askoren artean.
alt-J Leeds-en eratu zen, 2007. urtean, eta haren lehen albuma, ‘An Awesome Wave’, 2012ko maiatzean atera zen argitara. Erresuma Batuan salmenten lehen postura iristea erdietsi zuen indie diskoen kategorian, eta kritikak oso modu positiboan hartu zuen. Horri esker, alt-J urte horretako talderik goraipatuena bihurtu zen. Haren bigarren diskoa, ‘This Is All Yours’, joan den irailean argitaratu zen. Hori ere Erresuma Batuko lehen postura iritsi zen eta Billboard aldizkari estatubatuar entzutetsuak egindako zerrendaren toki altuenera heldu zen.
Azealia Banks rap eta hip hop interprete eta konpositore gazte-gaztea da, New Yorkeko Harlem auzotik etorritakoa. Zenbait EP eta single egin ostean, joan den azaroan ‘Broke With Expensive Taste’ izeneko lanaz egin zuen debuta. Billboard-ek honela definitu zuen: “house rap estiloko pieza, Rhythm & Blues ukituak dituena”.
Sheppard taldea ‘Geronimo’ arrakasta ezagunaren egilea da. Australian gehien saldutako single-a izan zen hiru astez, 350.000 kopia baino gehiago saldu ziren-eta. ‘Hit’ hori taldearen lehen albumean, ‘Bombs Away’ izenekoan, dago; joan den urteko uztailean editatu zen albuma. Taldekideak George, Amy eta Emma Sheppard anai-arrebak eta Michael Butler, Jason Bovino eta Dean Gordon dira.
Triggerfinger belgikarrek 1998an hasi zuten karrera, eta orain arte lau estudio-disko eta zuzeneko disko bi editatu dituzte. 2012an Lykke Li artistaren ‘I Follow Rivers’ arrakastaren bertsio bat egin zuten, eta horrek Belgikako eta Holandako zerrendetako lehen postura eraman zituen berehala. Iaz orain arte egin duten azken estudio-diskoa, ‘By Absence Of The Sun’, argitaratu zuten.
Kartelean sartu den azken taldea The London Souls talde gaztea da. Rock & roll estiloko iturri klasikoetatik edaten du. Hainbat taldek izan dute eragina haren soinuan: Led Zeppelin eta Cream-ek, haren garaikidea den My Morning Jacket-ek eta The Beatles edo The Hollies taldeek, melodia batzuk inspiratu baitituzte.
Fest 2014 sariak eta 'Drones', Muse taldearen lan berria
Bilbao BBK Live jaialdiak nazioartean duen oihartzuna agerikoa da, eta horren isla da nazioarteko zirkuituko jaialdi onenak saritzen dituzten Fest 2014 sarietako finalista izendatu izana. Hiru kategoriatan izendatu dute: ‘Formatu handiko jaialdi onena’, ‘Kanpatzeko zonalde onena’ eta ‘Jaialdi teknologikoena’. Rototom Sunsplash (Benicàssim) jaialdiarekin batera, finalisten artean izendapen gehien jaso dituen jaialdia da. Irabazleak otsailaren 12an jakinaraziko dituzte, Madrilen. Fest sariak www.bythefest.com webgunearen ekimenez sortu dira, APM Musika Sustatzaileen Elkarte Nazionalarekin elkarlanean.
Bestalde, Muse taldeak, jaialdiaren hamargarren edizioko beste kartelburuetako batek, duela egun gutxi jakinarazi zuen bere lan berriaren izena ‘Drones’ izango dela. Dagoeneko hasi da taldea Kobetamendin ikusteko eta doinu berrien zirrara sentitzeko atzerako kontaketa.