2015eko inauteriak

Inauteriak heldu dira Bilbora

uriola.eus 2015ko ots. 13a, 09:01

Bilbok otsailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko ditu inauteriak. Bilboko Udaleko Jaietako Batzorde Mistoak hiria fantasia eta dibertsioz beteko duten hainbat jarduera antolatu ditu. Ekimen horiekin, jendea erakarri eta bilbotarrek inauterietaz gozatzea bilatzen dute. 

Inauteriei begira prestatutako ekintzak atzo hasi ziren Alde Zaharrean egindako zenbait musika kontzerturekin. Jai giro polita sortu zen eta jende ugari mozorrotuta atera zen kalera.

Haurrentzako programazioa

Gaur, otsailak 13, etxeko txikienei zuzendutako ekintza ezberdinak egongo dira; Bilboko eskola eta ikastolen desfilea abiatuko da Albia Lorategietatik eta ondoren, Plaza Berrian txokolatadaren txanda izango da.

Larunbatean, otsailak 14, 11:00etatik aurrera, Gargantua, puzgarriak eta tailerrak egongo dira Zabalguneko Plazan. 12:00etan, Plaza Biribilean dultzaina eta soinu bandak girotuta  Erraldoiak dantzan ibiliko dira eta ordu berean, Zabalguneko Eraikinean Hortzmuga antzerki taldearen 'Libertia' lana eskainiko dute. Bukatzeko, 16:30etatik aurrera, Zabalguneko Eraikinean puzgarriak eta tailerrak egongo dira.

Igandean, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitartean, Buruhandiak eta Erraldoiak izango ditugu Areatza eta Arriaga Plazaren inguruan. Era berean, astelehenean, otsailak 16, 12:30ean, Bilboko Udal Bandaren saioa egongo da Plaza Barriko karpan Patxi Gonzalezen zuzendaritzapean, eta leku berean, 17:00etatik aurrera, puzgarriak, jolasak eta haurrentzako tailerrak.

Farolin eta Zarambolas-en atxilotze eta epaiketa

Goizalde Landabaso kazetaria dugu aurtengo Farolin, eta Juan Carlos Bilbao, Muga Tabernako jabea berriz, Zarambolas. Bi pertsonaia hauen epaiketa egunez aldatu da aurten; otsailaren 13an, gaur, 19:00etan, izango da Plaza Barrian. Lehenego atxilotu eta mozorrak jantziko dituzte eta ondoren, 19:30ean epaituak izango dira eta hau bukatuta, kopla eta dantza nagusituko dira Alde Zaharrean. Egunari amaiera emateko, 20:30ean dantza ikuskizuna emango du Sozial Dantza taldeak Plaza Barriko karpan.

Larunbateko egitaraua

Otsailak 14, larunbata, egun handia izango da; hainbat kontzertu, dantza ikuskizun, Bilbo kantari, umeentzako ekitaldi, soinu-talde, erraldoiak eta nola ez, inauterietako Mozorro Lehiaketa egingo dira. Epaimahaia  Plaza Biribilean egongo da  17:00etatik aurrera, talde desberdinek arratsaldean zehar euren mozorroak erakustera igaro daitezen. Era berean, bigarren epaimahai bat egongo da, ibiltaria, Gran Via, Moyua Plaza, Astarloa, Diputazio kalea eta Zabalkunde ingurutik ibiliko dena. Aurten ez da Inauterietako desfilerik izango.

Indaba lehiaketa

Igande goizean, Indaba Lehiaketa ospatuko da Plaza Barrian. Horrez gain, goizean Buruhandi eta Erraldoiez gozatzeko aukera eukiko dugu, eta arratsaldez, 18,30etan, Beti Jai Alai Dantza Taldearen ikuskizunaz.

Sardinaren erreketa

Otsailak 17, asteartea, arratsaldeko 19,30etatik aurrera iritsiko da Inauterietako unerik tristeena. Sardina erretzearen unea  izango da. Gorpua Plaza Berritik Arriaga plazaraino eramango da eta bertan, su emango diote.