Bilboko Udalak jakinarazi du bart gauean ez dela hotz eta elur denboralearekin lotutako gorabehera aipagarririk izan, eta normaltasuna dela nagusi udal zerbitzu guztietan, atzoko elurteak gehien kaltetu zituen aldapako eta mendialdeko auzoetarako zerbitzuak egiten dituzten Bilbobuseko linea guzti-guztiak barne.
Krisi Mahaia aktibatuta mantentzen du Udalak atzo goizaz geroztik, eta Elurteen Operatibo Berezia osatzen duten Segurtasun, Espazio Publiko eta Obra eta Zerbitzu sailetako 500 langile inguruk lanean dihardute gau eta egun, hiriko bide eta esparru publikoak egoera onean izateko, merkatu, osasun-zentro, ikastetxe eta garraioetarako sarbideei arreta berezia eginez.
Atzo arratsalde-iluntzean eta gaur goizeko lehen orduetan, gatza botatzeko lan trinkoak egin dira goiko auzoetan, eta oinezkoen joan-etorriak biltzen dituzten espaloi, eskailera, zubi eta pasabide goratuetan. Atzoko eta gaurko jarduketen artean, 25.000 kilo gatz baino gehiago bota dira.
Horrez gain, elurra kentzeko gau eta eguneko zerbitzuak garbi mantendu ditu Hiriko goi auzoetako bideak, bereziki Arangoitin, Otxarkoagan, Zurbaranen, Begoñan, Uretamendin, Betolazan eta Ingurubidean, Basurtu-Kastrexana errepidean, Altamiran, Masustegin eta Mintegitxuetan.
Azken iragarpen meteorologikoen arabera, gaur arratsalde-iluntzean eta biharko egun osoan, egoera noizbehinka nahaspila liteke aurreikusita dauden izotzaldiengatik eta bat-batean gerta daitezkeen txingor eta elur-ekaitzengatik. Printzipioz, hotza eta elurragatiko alerta laranja zapatura arte mantenduko da, une horretan denboraleak hobetzera joko baitu, bereziki eguerditik aurrera.
Beharrezkoa balitz, aldian-aldian, Bilboko Udalak trafikoa eten eta Bilbobuseko zenbait zerbitzu bertan behera utzi edo aldaraz litzake, erabiltzaileen segurtasuna berma ezin daitekeen kasuetan.
Bitartean, Bilboko Udalak ibilgailu partikularra aparkatuta utzi eta Hirira etortzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu du. Autoa erabili behar izatekotan, kontu eta tentu handiz gidatzea, autoa erregaiz eta elurrari aurre egiteko moduan hornituta eramatea (kateak, pala, arropa beroa, kaloria ugariko elikagaiak... barne), eta aldez aurretik errepide-sarearen egoeraz informatzea gomendatu du.
Era berean, oinezkoei kalean oinetako egokiak erabiltzea gomendatu die, erorikoak eta ezusteko lesio eta traumatismoak saihesteko.
Azkenik, Bilboko Udalak gogoratu nahi die gaua kalean ematen duten aterperik gabeko pertsonei, Udalaren Neguko Aterpe zerbitzua 20 ohe gehigarriz indartu dela (84 ohetik 104 ohera igaroz), eta beste 20 ohe jartzeko aukera dagoela gaur gauean eta bariku eta zapatu gauetan.
Horren haritik, Bilboko Udaltzaingoak aterperik gabeko zenbait pertsona kontaktatu ditu bart gauean, gaua udal baliabideren batean emateko aukera eskaintzeko asmoz. Kontaktatutako aterperik gabeko pertsona guztiek uko egin diote proposamenari, baina eskaini zaien arropa onartu dute.