Coevent, Bilboko gazteek elkarrekin sortzea sustatzen duen proiektua

uriola.eus 2015ko ots. 6a, 09:00

Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailaren laguntzarekin, Coevent programan parte hartzeko deialdia egingo dute hirugarren urtez jarraian. Otsailaren 9tik 25ear izena emateko aukera egongo da.

Bilbon erroldatutako 22-35 urte bitarteko gazteek har dezakete parte. Deialdia otsailaren 9an argitaratuko da eta interesdunek otsailaren 27ra bitartean eman ahal izango dute izena mezu elektronikoa bidaliz gazteria@ayto.bilbao.net helbidera. http://coeventbilbao.wordpress.com helbidean deskarga daiteke izena emateko formularioa.

Gazteek beste batzuekin batera burututako lan-prozesu baten bidez ezagutzak eta esperientzia hartzea xede du Coevent proiektuak. Lan-prozesu horren amaiera urirako ekimen bat burutzea izango da.

Coevent jakin-nahia eta lanerako gogoa duten gazteei zuzendutako proiektua da. Coevent proiektuaren bidez, gazteek ekimenen antolaketaren arloa bertatik bertara ezagutuko dute; hau da, ekoizpena, hornitzaileen kudeaketa, komunikazioa eta beste alderdi batzuk.

Jakintza-arlo ezberdinetako jendeak osatuko du talde bat. Gutxienez 10 pertsona eta gehienez 35 pertsona egongo dira taldean. Prozesu-fase guztietan izango du taldeak aditu profesionalen laguntza. Hauek izango dira fase horiek: Proiektua definitzea, diseinatzea, antolatzea eta burutzea.  Lan-talde batzuk eratuko dira eta lan-taldeetako kideak astean behin batuko dira Bilborock aretoan.

2013an egin zen aurrenekoz ekimen hau eta orduan, 38 pertsonak parte hartu zuten Coevent programan. Ia lau hilabete lanean eginda eta guztien artean Bilbao Beach uriko hondartza asmatu zuten. Ekimen hori Bilboko Areatzako kaian jarri zen uztaileko asteburu batean. Arrakastatsua izan zen bertaratutako kopuruaren, kritikaren eta antolakuntzaren alderdietatik.

2014an antolatutako ekimena Bio Bike Eguna izan zen. Hau ere Areatzako kaian burutu zen ekainaren amaieran. Honen helburua bizikletaren pedalei eraginez energia sor daitekeela erakustea izan zen.  Ekimen hori aisialdian, kirolean eta jasangarritasunean oinarrituta egon zen eta 26 gaztek elkarrekin lan eginda sortu zuten. Jendeak harrera ona egin zion ekimen horri.