Felipe Loza arduratu da bakarrizketa osatzen duten testuak aukeratzeaz, eta antzezlaneko eszena zuzendaria ere bada. Espazio eszenikoa Daniel Biancok diseinatu du.
Itziar Lazkanok, berezkoa duen antzezpenerako sentsibilitate berezi horrekin, nolabaiteko batasuna bilatzen du Shakespearen lanetan azaldu ziren emakumeen aniztasunean. Izan ere, beti ere gizonezkoaren itzalpean agertzen diren arren, mitoaren pasioak edo patuaren kontrako borroka irudikatzen duten eta maitasunez eta indarrez beteta dauden pertsonaiak ezin dira inoiz bigarren mailako pertsonaiak izan. Horrelakoak izan zirelako Shakespearen pertsonaiak, oso izaera indartsukoak, Lady Macbeth, Cleopatra, Titania, Hermione, Gertrudis… eta baita Brujas, ninfas y reinas lanean islatuta agertuko diren beste batzuk ere. Itziar Lazkanok berak antzeko ideia eraman zuen aurrera duela urte batzuk, Lorquianas lanarekin. Lan hartan, Garcia Lorcaren lanetan agertzen ziren lau emakumezko pertsonaia antzeztu zituen.
Itziar Lazkano, Karraka antzerki talde enblematikoaren parte izan zen antzezle bizkaitarra da. Zinean, telebistan eta Bilbao, Bilbao eta Hoy, última función bezalako antzezlanetan ikusi ahal izan dugu. Orain Arriagako Gelatxo honetara etorri zaigu, beste batzuen artean, Macbeth, Udako gau bateko ametsa, Lucreciaren bortxaketa, Antonio eta Cleopatra edo Maitasunezko Sonetoak bezalako lan handien testuak jasotzen dituen eta modu bikainean egituratuta dagoen bakarrizketarekin.
Sarrerak 8 eta 12 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.