Mumford & Sons BBK Live jaialdiko kartelburu berria

uriola.eus 2015ko ots. 9a, 12:21

Talde britainiarra Muse, The Jesus and Mari Chain, Ben Harper eta Counting Crows taldeei batuko zaie kartelean, musikaren beste izar batzuekin batera.

Mumford & Sons hurrengo BBK Live jaialdiko kartelburua izango da; gainera, izar ospetsu hauek ere egongo dira: Muse, The Jesus and Mari Chain, Ben Harper eta Counting Crows, besteak beste. Mumford & Sonsek 2007. urtean egin zuten debuta eta ibilbide labur baina bizi horretan bi Grammy, bi Brit Awards eta hiru Billboard Music sari eman dizkiete. Egitarauan Islandiako Of Monster And Men taldearen ikuskizuna ere ikusi ahalko dugu; indie, folk eta pop-rock alternatiboa uztartuz mundu osoan bi milioi disko baino gehiago saltzea lortu dute. Aire zabalean egiten den rock-ikuskizun handia uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango da, Kobetamendiko zelaietan.

Mumford & Sons taldea 'Londres mendebaldeko folk eszena' gisa ezagutzen zen korrontean nabarmendu zen hasiera-hasieratik. Lehenengo lanak, ‘Sigh No More’ delakoak, Erresuma Batuko salmenten bigarren postua lortu zuen eta Estatu Batuetako Billboard izen handiko aldizkariak egiten duen Billboard 200ean sartu zen; horri esker nazioarteko jaialdi garrantzitsu askok ateak zabaldu zizkieten. Diskoa egin baino lehen, Mumford & Sons bandak hiru EP kaleratu zituen eta horiei esker bere herrialdean arrakasta handia izan zuen.

Bigarren lana, ‘Babel’, 2012. urtean editatu zuten eta Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Kanadan, Zeelanda Berrian eta beste herrialde askotan salmenta zerrendako lehena izatera iritsi zen. ‘Babel’ek taldea sendotu eta nazioarteko talenturik handienen artean jarri zuen; gainera, taldearen izena letra larriz idazten hasi ziren jaialdi jendetsuenetako karteletan. Iaz, Mumford & Sons taldea hirugarren estudio-diskoan aritu zen lanean; oraindik ez du merkaturatze datarik.

Of Monsters And Men 2011. urtean egin ziren ospetsu, taldea sortu eta urtebetera bakarrik, ‘Little Talks’ abestiak <http://open.spotify.com/track/2ihCaVdNZmnHZWt0fvAM7B> izan zuen erabateko arrakastari esker. Abesti hori lehen albumean, ‘My Head Is An Animal’ izenekoan (2012), sartu zuten; disko horrek estilo konbinazio interesgarriak zituen eta prentsaren eta nazioarteko publikoaren aintzatespena ekarri zien. Jaialdi garrantzitsuenetan egon ondoren, bigarren diskoaren merkaturatzea prestatzen ari da banda, Rich Costey-ren ekoizpenarekin; Costeyk Muse, Foster de People eta Interpol izarrekin lan egin du, beste batzuen artean. Merkaturatzea 2015. urteko uda hasierarako aurreikusi da, beraz, Bilbao BBK Live jaialdian abesti berriez gozatzeko aukera egongo da.

Jaialdirako hiru egunetarako bonuaren prezioa 115 euro da gehi beste sei euro izapidetze-gastuengatik. Hiru eguneko bonua, kanpaldi eta guzti, 123 euro izango da gehi 6 euro izapidetze-gastuengatik. Jaialdiaren webgunean <http://www.bilbaobbklive.com> eta sarrerak erosteko ohiko sarean aurkituko dituzu.