Bi erakundeen helburu estrategiko nagusietako biri dagokionez, emaitzak honakoak izan ziren 2014an: etxebizitzetako lapurretek %7 egin zuten behera (%4,5 igo ziren 2013an, eta neurri berezi batzuk abian jartzea ekarri zuen), eta mehatxu nahiz indarkeria bitartezko lapurretak, berriz, 2013. urtean lankidetzan burutzeko ekintza-plan bat ezarri ondoren hasitako beheranzko joerari jarraitu diote, %22,3 jaisteraino. "Bi delituen kopurua jaitsi egin zen, prebentzio orduen kopurua handitu, patruilak modu eraginkorragoan banatzeko ikerketa egin eta lan ezparruak banatzearen ondorioz".
Ibilgailuetako lapurretek izan dute, ehunekoetan, jaitsiera handiena 2013. urtearen aldean: zehazki, %48,9 gutxiago.
Azkenik, ondarearen aurkako delituen atalean, ebasketak ere jaitsi egin ziren, 2013. urtearekin alderatuz gero %3,4.
Pertsonen aurkako eta oihartzun sozial gehien izandako delitu eta falta garrantzitsuenei dagokienez, berriz, orokorrean %1,5 egin zuten behera.
Delitu-motari erreparatzen badiogu, lesiodunak %6,5 gutxitu ziren. Sexu-askatasunaren aurkako delitu larriek (%5,4), etxeko eta genero indarkeriak (%3,4) eta arma bidezko mehatxuek (%12,4), ordea, gora egin zuten.
Autoritatearen aurkako delituak, bere aldetik, behera egin zuten, kasu honetan %17,2. Segurtasun kolektiboaren aurkako delituei dagokienez, kopuruek adierazten dute jaitsiera nabarmena egon zela Bide Segurtasunaren aurkako delituetan (%18,7). Osasun Publikoaren atalean atzemandutako kasuek %22,1 egin zuten behera
Delituak barrutiaren arabera
Eremuz eremuko balantzeari begiratuz gero, garrantzitsua da aipatzea delitu-egintzak barruti guztietan egin zutela behera, 8. barrutiak, Basurtu-Zorrotzak (-%16,6), 1. barrutiak Deustuk (-%13) eta 7. barrutiak, Rekaldek (-%10) izanik jaitsierarik handienak.
Gainerako barrutiei dagokionez, murrizpen portzentual hauek eman ziren: 4. barrutian, Begoñan, eta 5. barrutian, Ibaiondon, -%8,9; 3. barrutian, Otxarkoagan, -%7,3; 2. barrutian, Uribarrin, -%4,8; eta 6. barrutian, Abandon, -%1,5.
Deliturik gehienak biltzen dituzten barrutiei dagokienez, aurreko urteetan bezala, 6. barrutian, Abandon (7.295) eta 5. barrutian, Ibaiondon (5.009), izan dira delitu kopuru gehien; bi barruti horiek osatzen dute, gutxi gorabehera, Bilbo osoan izandako delituen erdia (%54,5). Izan ere, barruti horietan biltzen da pertsona eta merkataritza-establezimendu kopuru handiena, eta, ondorioz, baita biztanle mugikorren, merkataritza establezimenduen eta hortaz egunero bisitari eta turista kopuru handiena ere.
Poliziak inkulpatuak
Poliziak inkulpatutako pertsonen kopuruak, era berean, %14,6eko beherakada izan zuen: 2013an 7.154 pertsona inkulpatu zituzten, 2014an 6.109 izan ziren. Eta guzti hauen zioa, beste faktore batzuen artean, iragan jardunaldian zehar gertatutako delitu eta faltek behera egin zutelako.
Helburu estrategiko bateratuak. Prebentzioa, hurbiltasuna eta lankidetza
Datozen urteetarako bultzatzen den polizia-ereduak gako-hitz bat du haien esanetan, "prebentzioa". Hona hemen bi polizia-erakundeen helburu estrategiko nagusietako batzuk: "auzoetan oinezko polizia-patruilen lana indartzen jarraitzea segurtasun-pertzepzioa indartze aldera, alor horretan herritarrek dituzten beharrizanei erantzutea, eta lan koordinatu eta jarraituan giza baliabideak nahiz baliabide tekniko eta materialak hobeto aprobetxatzea. Behar denean eta behar den lekuan egotea eta, horretarako, egunerokotasunean poliziak egoki banatzea, eta laguntza-, ikerketa eta patruila-lanak koordinatzeko lankidetza ahalegina indartzea ere badira polizia-estrategia horren atal garrantzitsuak. Izan ere, gaur egungo egoera sozial eta politikoan, poliziaren lana berrantolatzeko lanari heldu zaio. Bi polizia-erakundeen beste ardatz estrategikoetakoa da prebentzio aktiboan zerbitzua eskaintzea, ikerketa kriminal adimentsu eta eraginkorrean oinarrituta, kudeaketan etengabeko hobekuntza eta lankidetza ezarriz premia berrietara egokitzeko".