Hezkuntza Sailak eta Mutualiak haurdun dauden emakumeak diskriminatzen dituzte

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2015ko ots. 9a, 14:00

Argazkia: bebesnuk.com

LAB Irakaskuntzako lan-osasuneko arlotik, haurdunaldiko arriskuagatiko prestazioen eskarietan, onartzen ez diren kasu ugari detektatu ditugu. Kontraste bat egin dugu eta datu batek harritu gaitu: proportzioan, ez-onartze hauek gehiago ematen dira ordu gutxiko kontratuetan. Gehiago harritu gaitu baztertzearen arrazoiak.

Normalean honetan oinarritzen da: “ez dira lanpostuan haurdunaldiagatiko arrisku espezifikoak kreditatzen, ordu gutxitako karga”. Onartu beharra dugu esposizio denbora eta arriskuaren arteko harremana kontuan hartzen den faktorea dela, arrisku-maila neurtzerakoan.

Hor dator dilema, eta modu errazean azaldu nahi dizuegu. Hezkuntza Sailean lanetik eratorritako arriskuen aurrean amatasuna eta edoskitzaroa babesteko adostutako protokoloa dago. Bertan jasotzen dira helburua, eremua, definizioak, amatasunaren babesa, jarduera-prozedura… Bere laugarren puntuan (amatasunaren babesa) aipatzen du: “Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen 26. Artikuluak, amatasunaren babesari dagokionez, zehazten du arriskuen ebaluazioak bere gain hartu beharko dituela haurdun edo berriki erditu diren langileen esposizioak langileen edo fetoaren osasunean modu negatiboan eragin dezakeeen edo arrisku bat izan daitezkeen edozein jardueraren esposizioaren izaera, gradua edo iraupena”. Hau da, arrisku bakoitza metodologia zehatz batekin ebaluatu behar da. Ondorioa lanpostua egokitzea izango da, kasu honetan gauzatzen ez dena. Geratzen den aukera bakarra arriskuagatiko prestazioa da.

Gure kasuan, kanpoko enpresa batek egin dituen ikastetxeen eta lanpostuen arriskuen ebaluazioak ditugu. Ebaluazio hauek neur daitezkeen alderdi batzuk islatzen dituzte, lan-kargak, gorputzaren jarrerak… Haurdun dagoen emakume batek bere egoeraren berri ematen digunean erreferentziazko protokolora jotzen dugu eta ebaluazio espezifikoa eskatzen dugu bere egoerarako. Argitu nahi dugu bigarren ebaluazio hau saileko teknikariek egiten dutela. Hauek aztertu ditugu eta gure ustez lanpostuaren deskribapen soilik besterik ez dira, haurdun dagoen emakumearen atazak kontatuz, arrisku maila ez neurri zuzentzaileak zehaztu barik.

Oinarrizko ebaluazioak, ikastetxearenak eta lanpostuarenak neurtzen ez baditu, zaila da teknikari batek egindakoa urrunago heltzea.

Mutualitatearekin batzartu gara eta honek onartu du aurretiko ebaluazioa osatuta ez badago, espezifikoak zailtasunak izango ditu osorik agertzen. Eta hortik dator gure kezka. Bueltatu gaizen prestazioa ukatzen duen justifikaziora: “ez dira lanpostuan haurdunaldirako arrisku espezifikoak kreditatzen, ordu gutxitako karga”.

Ebaluazioak inon jasotzen ez badu ez dagoela arriskurik, neurtu ere egiten ez baditu, esaldiaren lehen zatia baliorik gabe geratzen da, beraz bigarren atala aztertuz ezin da justifikatzailea izan ordu gutxitako karga, arriskurik ez egotea baizik.

LABetik azken honek kezkatzen gaitu arriskuan jartzen duelako, batetik, pertsonaren osotasun fisikoa eta bestetik, berdintasun printzipioaren aplikazioa. Honen ondorioa kolektibo batekiko diskriminazio argia da, emakumeek osatua eta kontratu prekarioduna. Azpimarratu nahiko genuke diskriminazio horren erantzuleak Hezkuntza Saila eta mutualitatea, gure kasuan Mutualia, direla.