Gaur, ostirala, inauguratuko da Bilbao Distrito Jazz egitarauaren hamaseigarren edizioa. Oraingo honetan, jazz garaikideenean nagusi diren artistez osatutako eskaintza anitza eta kalitatezkoa, eta genero horretako bertako artista gazteek eskainiko duten amaierako kontzertua proposatzen dira. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaina Jazz Clubarekin elkarlanean, sustatzen duen ekimen hau erabat sendotuta dago gure Hiribilduko kultur agendan, hiriko hainbat barrutitan eskaintzen diren doako kontzertuen eskaintza deszentralizatuaren bitartez.
Ohikoa denez, Bilbao Distrito Jazz, otsaileko eta martxoko bata bestearen osteko bost ostiraletan ospatuko da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, hainbat estilotako nazioarteko lau bandarekin, eta Euskadin egiten den jazzaren ordezkaritza bikainarekin. Gure hiritik igaroko diren artisten artean Felix Rossy tronpeta jotzaile gaztea eta Geraud Portal kontrabaxu jotzaile frantsesa, Kike Perdomo saxofoi jotzaile kanariarra edo New Yorkeko eszenan oso garrantzitsua den David Ambrosio baxu jotzaile handia azpimarratu behar dira.
Aurreko urteeetan bezala, programak nazioarteko musikarien presentzia eta bertako talde baten partaidetza uztartuko ditu. Oraingo honetan, jazzaren eszenan gero eta indar gehiago hartzen ari den Kontxi Lorente piano jotzaile nafarra buru duen eta Luisa Brito kontrabaxu jotzaile portugesak eta Naima Acuña bateria jotzaile gailegoak osatzen duten Three One emakume taldea izango da bertako ordezkaria. Programaren aurtengo edizioa itxiko duen hirukoteak jazzaren maisu handiak omenduko ditu, jazzaren kontzeptu garaikidea duten euren lanak aurkeztuz.
Birtuosoen boskotea
Lehenengo emanaldia gaur izango da, Errekaldeko Udaltegian, Geraud Portal Quintet boskotearekin. New Yorketik datorren boskote iraultzaile horrek, musikaren oso jenio gazteak, munstroak, biltzen ditu. Bandak, energia, erabateko musikaltasuna, modernotasuna eta klasea erakusten duten jatorri anitzeko –EEBB, Israel, Frantzia, Katalunia– musikariak bildu ditu. Ben Solomon saxofoi jotzaile gaztea, egungo eszenako iraultza nagusietakoa, Davis Whitfield piano jotzaile estatubatuarra, Ofri Nehemya bateria jotzaile israeldar ikusgarria eta Felix Rossy tronpeta jotzaile katalan harrigarria.
Otsailaren 20an, Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioak Kike Perdomoren emanaldia jasoko du. Kanariar Uharteetatik irtendako ospe eta talentu handieneko saxofoi jotzaileetakoa da. Berklee School of Music izenekoaren beka jaso zuen, eta bederatzi lan argitaratu ditu lider gisa eta ehun baino gehiago kolider, ekoizle artistiko edo musika zuzendari gisa. Bilboko ikus-entzuleek New Yorken grabatu den eta jatorrizko lanez eta contemporary jazz izenekoaren barruan sartzen den azken soinu modernoz osatutako Roots proiektu berriaz gozatzeko aukera izango dute.
Otsaileko azken ostiralean, 27an, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoak, Joan Diezek (pianoa), David Mengualek (kontrabaxua) eta Oriol Rocak (bateria) osatutako hirukotea jasoko du. Jazzaren munduan garrantzitsuak, ezagunak eta aintzatetsiak diren hiru kidek osatutako hirukote horren ideia, abestiak komunikazioa sortzeko aitzakia baino ez direla da. Hori dela eta, edertasuna duen edozein lanek du lekua taldearen errepertorioan.
David Ambrosio Trio martxoaren 6an arituko da Otxarkoagako Udaltegian. New Yorkeko eszenan oso garrantzitsua den David Ambrosio baxu jotzaile bikainak bere disko berria aurkeztuko du, testuinguru garaikidean garrantzi handia duten beste bi musikari, Loren Stilman saxofoi jotzailea eta Russ Meisner bateria jotzailea, ere biltzen dituen hirukotearen buru. Kubatik, Amerika Erdialdetik eta Asia hego-ekialdetik egin dituen biratan eta bidaietan bizi izandako esperientziek aberasten dute konposizio klasikoan eta jazzean goi mailako titulazioa duen Davidek musikaren munduan egin duen lan zabala.
Bilbao Distrito Jazz ekimenaren hamaseigarren edizio hau Kontxi Lorente piano jotzaile nafarra buru den bandak itxiko du martxoaren 13an, Begoñako udaltegian. Aurreko edizioetan bezala, kontzertu guztiak 19:30etan hasiko dira, eta sarrera librea eta doakoa izango da, leku guztiak bete arte. Ez zaio inori sartzen utziko aretoa bete ondoren.
Bilbao Distrito Jazz Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta hainbat helburu ditu, besteak beste, ikus-entzule askorik ez duen musika genero hori hiriko auzoetara zabaltzea, ikus-entzule berriak sortuz; 1991tik astero zuzeneko emanaldiak antolatzen dituen Bilbaína Jazz Club elkartearen lana laguntzea; edo auzoetan eskaintzen den kultur programazioaren kalitatea hobetzea.
Beste alde batetik, Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen Bilboko Udal Liburutegien Sareak ere azpimarratu gura du badaukala jazz-liburu eta grabazioen bilduma zabala, maileguan uzteko, musika genero hori sustatzeko xedez. Katalogoa orri honetan dago eskuragai: www.bilbao.net/bibliotecas. Gainera, erosketak egiteko edo bilduma eguneratuta edukitzeko iradokizunak ere egiten ditu.
Agenda
OTSAILAK 13: Geraud Portal Quintet (Errekaldeko udaltegia)
OTSAILAK 20: Kike Perdomo (Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioa)
OTSAILAK 27: Diaz – Mengual – Roca Trio (Bidebarrietako liburutegia)
MARTXOAK 6: David Ambrosio Trio (Otxarkoagako udaltegia)
MARTXOAK 13: Three One – Kontxi Lorente, Luisa Brito eta Naima Acuña (Begoñako udaltegia)
Kontzertu guztiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira. Sarrera doakoa leku guztiak bete arte.
Informazioa 010 telefono zenbakian edo www.bilbao.net web gunean