Iñigo Cabacas auziaren baitan izango dira epaituak lau poliziak eta 2012ko apirilaren 9an Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan gertatutakoa argitu beharko dute.
Epaitegira sartu aurretik, Jone Goirizelaiak, Iñigo Cabacasen familiaren abokatuak azaldu du, gaurko deklarazioak 2014ko uztailean eskatu zirela eta epaileak urrian erabaki zuela hau aurrera eramatea. Deklarazio batzuk gaur egingo dira eta beste batzuk bihar, baina gaurkoen artean "bereziki garrantzitsua" den bat egongo da, bunkerrean egon zen ertzainarena hain zuzen ere. Horren bidez, "peloteroak nola erabili ziren eta zenbat izan ziren jakiteko aukera" egon daitekela adierazi du Goirizelaiak. Biharko egunean aldiz, erratifikazioen txanda izango da.
Jarraian, Iñigo Gogoan Herri Ekimeneko kide batek eta Iñigo Cabacasen lagun batek hartu dute hitza. Biek azpimarratu nahi izan dute, hiru urte eta gero "egoerak horrela jarraitzeak benetan larria" dela; familiak "laguntza falta" izan duela eta "impunitate poliziala agerian" geratu dela.
Bukatzeko "mahai gainean kolpe bat eman eta erantzunak eskatzeko garai dela ere" gehitu dute; hiru urte eman baitituzte kaleetan ekintzak eta protestak egiten, "gurasoengatik eta Iñigogatik". "Beharrezkoa da honekin bukatzea ez baitugu ulertzen hain argia den zerbaitek hainbat denbora eramatea. Iñigo polizia batek erail zuen eta beharrezkoa da justizia egitea; poliziak ezin du justiziaren gainetik egon. Egia osoa sor zaie gurasoei eurek eta Iñigok deskatsa dezaten. Mezu bat daukat gau hartan Iñigo hil zuen poliziarentzat: 'Espero dut egindakoagatik sufritzen egotea, baina zure esku dago gurasoengana jo eta barkamena eskatzea, hasieratik egin beharreko zerbait baitzen'".
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.
Gertaeratik hiru urte beteko dira, eta oraindik ez da Cabacas auzia argitu. Eztabaida ugari piztu dituen kasu honek hainbat akats ezagutarazi ditu, puntu ilunak edota txosten batzuen falta, tartean. Bestalde, herritarren aldarrikapenak azpimarragarriak izan dira Iñigo Cabacasen auzia argitzeko prozesuan; izan ere, etengabeko mobilizazioak antolatu dira urte hauetan zehar (manifestazioak, giza kateak, omenaldiak eta abar).