Harrapazank egitasmoak 'Lonjazank', 'Harrapazank eszena' eta 'Sortuzank' jarri ditu martxan

uriola.eus 2015ko ots. 12a, 12:23

Harrapazank egitasmoak gazteen parte-hartzea sustatzea, esperientzia positiboak sortzea eta esparru ez-formaletan eta espazio berrietan aisialdi ekintzak sustatzea ditu helburu. 'Harrapazank eszena' lehiaketaz eta 'Sortuzank' tailerraz gain, aurtengo edizioan programak 'Lonjazank' ekimena jarriko du martxan.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak abian jarri du Harrapazank programaren hamargarren edizioa. Aurtengoa ere berrikuntzaz betetako edizio izango da.

Parte hartzaileen kopuruari dagokionez, 'Harrapazank eszena' egitasmoan 63 taldek eman dute izena, guztira 182 parte hartzailerekin, eta 'Sortuzank' tailerrean berriz, 217 dira parte hartuko duten gazteak. Euskararen erabilera gazteen artean sustatu, esperientzia positibo eta parte hartzaileen bitartez gazteen motibazioan eragitea lortu eta gazteen gustuko ekintza parte hartzaile eta erakargarriak eskaintzera bideratutako egitasmo aitzindari honek sare sozialak baliatu ditu berriz ere gazte bilbotarren komunitatea sendotze aldera, eta horren lekuko da www.harrapazank.com ataria. Web guneak sarrera berriak, bideoak eta argazkiak, eta sare sozialetara loturak jasoko ditu eta parte – hartzaileen gurasoek beraiei zuzendutako atal bat izango dute ikusgai. Gainera, Harrapazank Youtubeko kanala, eta Facebook, Tuenti eta Twiterreko profila izango ditu. Web gunean Euskara Zuzendariordetzak, Topagune eta Euskara Elkarteen Federazioarekin batera antolatutako programari buruzko informazio zehatza eta egokitua aurkitzeaz gain, gazteak, parte hartzaile pasiboak izatetik aktibo izatera pasatzen dira, norabide biko komunikazioa sortuz.

Aurten gazteen gustu, eskaera zein merkatu joeretan oinarritutako egitaraua diseinatu da. Gauzak honela, nobedadea 'Lonjazank' ekimena izango da, pasadan edizioetan antolatu ziren 'Harrapazank eszena' lehiaketari eta 'Sortuzank' tailerrari gehituz.

Parte hartu nahi duten gazteek, online egin ahal izango dute izen ematea www.harrapazank.com web gunean. Bertan, atarian ekintza bakoitzean apuntatzeko izen-emate fitxa bana dute eskura gazteek, izen abizenak eta sare sozialen profilak zehazteko.

'Lonjazank' programa 

'Lonjazank', 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako, enkante moduko bat izango da. Gazteek beraien lonjak janzteko elementuak eskuratu ahalko dituzte, baina hauek eskuratzeko dirua erabili beharrean probak gainditu beharko dituzte.

Bilborockeko eszenatokia lokal bat izango balitz bezala atonduko da: Sofak, puff-ak, mahaitxoak, lanparak, Tb, bideo-kontzola, bideo-jokoak, karaokea, ordenagailua… Proba nork irabazi duen epaileek aukeratuko dute, probak egin ahala, talde bakoitzari puntuazioak emanez.

Izena emateko Lonja bakoitzak aurkezpen bideo bat grabatu beharko du eta web gunera igo. Lokalaren izenean apuntatu beharko dira, gutxienez 5 pertsona batuz lonja bakoitzeko.

10 lonja izango dira apirilaren 25ean, Bilborocken lehiatuko direnak. Finalean gazteek beraien lonjak janzteko altzariak eta etxe-tresnak eskuratu ahalko dituzte proben bidez.

'Harrapazank Eszena'

Hamargarren edizio honetan 'Harrapazank eszenaren' programaren testuinguruan adin tarte desberdinen beharrak eta nahiak hobetzeko bi adin-talde bereizi dira: 9-13 (Harrapazank Junior) eta 14 eta 18 urte bitarteko gazteak (Harrapazank Senior). Kategoria bakoitzeko 1.000 euroko bono saria jasoko dute. Antzerkia, dantza, musika, monologoak, txisteak, bertsoak, … ezagutzera emateko kastinak ondoko aretoetan egingo dira:

Bilborock aretoan martxoak 16, 17, 18, 19, 20 eta 21 talde bakoitzak bere ikuskizuna aurkezteko 3 eta 5 minutuko tartea izango dute.

Finalak ondoko egunetan egingo dira:

•Harrapazank senior gala, martxoaren 28an Bilborock aretoan

•Harrapazank junior gala, martxoaren 29an Bilborock aretoan

Aurten 8 irakasle izango dira entseguetan, Ugaitz Alegria, Itziar Ituño, Iñaki Maruri, Olatz Ganboa, Xabi Hoo, Andrea Covadonga, Urtza Zuazo eta Leire Ucha. Entsegu orduak bikoiztu egin dira, guztira 240 ordu. Kastinei dagokionez, 6 egunez ospatuko dira,  iazko kopuruari 2 egun atxikiz, hurrengo udaltegietan: Basurtu, Errekalde, Deustu, Begoña, Irala eta San Inazio.

'Sortuzank' tailerrak

Beste alde batetik, hamargarren edizio honetan 'Sortuzank' egitasmoa ere martxan jarriko da gazteen gustuen tankerako tailerrak eskaintze aldera. Aurten, iaz baino 4 tailer gehiago daude, guztira 12 eskainiko dira. Tailer batzuen iazko arrakasta ikusirik, kasu batzuetan saio bat baino gehiago antolatu da (argazkilaritza, DJ, cupcake).

Gazteen sormen gaitasuna bultzatzeko helburua duten tailer hauetan alde teorikoa eta praktikoa landuko dira, beraien sormen gaitasuna sustatzeko. Tailer berriei dagokionez, Smartphone bideo ekoizpena (Basurtuko udaltegian) eta irratigintza (Bilbo Hirian) aipatu daitezke. Argazkilaritza, txalaparta, dj, ukelele, graffitia, cupcake-ak, edo bitxien diseinua egiteko tailerrak eskainiko dira hainbat udaltegietan: San Inazio, Abando, Euskaldunako zubipea, La Bosa, Basurtu, Errekalde, Deustu eta Bilbo Hiria irratian.

- Argazkigintza Tailerra:

Otsailak 19 – 20 (17.30-19.30) Ibaiondoko Udaltegian, La Bolsan (Pelota kalean, 10).

- Txalaparta Tailerra: 

Otsailak 16 (17.30-19.30) Euskararen Etxea (Agoitz Plaza Kalean,1)

- DJ Tailerra: 

Otsailak 17 y Martxoak 24 (17.30-19.30). Abandoko Udaltegia (Barrainkua kalean, 5)

- Graffiti Tailerra: 

Otsailak 18 (17.30-19.30) Euskalduna zupipean

- Cupcake Tailerra: 

Apirilak 20 - 21 (17.30-19.30) Deustuko Udaltegia (Agirre Lehendakaria, 42)

- Bitxigintza Tailerra:

Apirilak 22 (17.30-19.30) Errekaldeko Udaltegian (Altube Zeharbidea, 16)

- Irratigintza Tailerra:

Martxoak 23-25 (17.30-19.30) Bilbo Hiria Irratian (Done Bikendi Kalean, 2)

- Smartphone eta bideo ekoizpena:

Apirilak 23 (17.30-19.30) Basurtuko Udaltegian (Zankoeta Kalea, 1)