Udal Bandak musika programa bitxia aurkeztuko du Jan Coberren batutapean

uriola.eus 2015ko ots. 13a, 09:00

Jan Cober zuzendari belgikar ospetsuak Udal Musika Banda gidatuko du estreinako aldiz igande honetan, otsailak 15, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Zuzendari gonbidatu moduan Herbeheretako ia orkestra sinfoniko guztiak zuzendu ditu, izen handia lortuta musikaren munduan, batez ere, haize-instrumentuetan.

Europar Batasuneko Gazte Bandako Zuzendariaren batutapean, gure musikariek Gottfried H. Stölzel, Johannes Stert, Richard Strauss, Richard Wagner, Johannes Brahms eta Franz von Supperen lanak tartekatuko dituen programa bitxia eskainiko dute. Sarrera 2 eurotan eskuratu daiteke jauregiko txarteldegian kontzertuaren egunera arte, BBK-ko kutxazainetan eta www.euskalduna.net webgunean.

Jan Cober (Thorn, 1951) Maastricht-eko kontserbatorioan ikasi eta han graduatu zen Klarinetean eta Banda eta Orkestra Zuzendaritzan, “sari berezia” eskuratuta. W. Otterloo eta F. Leitner-ekin ikasi zuen zuzendaritza.  Finalista izan zen 1985ean NOS Radio irratiak antolatutako Neeme Järviren zuzendaritza-ikastaroan. Hilversum-eko irratiko orkestrako eta Hagako “Residentie” orkestrako kide izan da.

Hainbat banda eta orkestra zuzendu ditu Holandan, Belgikan, Japonian, Espainian, Australian, Italian, Suitzan, Eslovenian eta Kroazian. Maila handiko jaialdiak ere zuzendu ditu, hala nola, Boston, Ostrava, Txina eta Valentzian. Irakasle gonbidatua izan ohi da Alemaniako, Italiako, Espainiako, Esloveniako eta Luxemburgeko zuzendaritza-ikastaroetan. Bandarako musikako berrogeita hamarretik gora diskotan aritu da zuzendari.

Trentoko (Italia) Banden Institutu Europarreko irakasle izan zen (1998-2010). Gaur egun banda-zuzendaritzako irakaslea da Maastricht-eko (Herbehereak) kontserbatorioan. Eijsden-eko Santa Zezilia Bandako eta Europako Erkidegoko Gazten Bandako zuzendari titularra eta Leipzig-eko Rundfunk Bandako eta  Swiss Army Band-eko zuzendari gonbidatu nagusia da.

Bilboko Udal Musika Banda 45 musikarik baino gehiagok osatzen dute. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko BILBAOMUSIKA erakunde autonomoari atxikita dago gaur egun, Musika Eskola eta Txistulari Bandarekin batera.

Egitaraua

I. Zatia

- Gottfried H. Stölzel (1690-1749)'Concerto grosso a quattro chori' Mold. J. Wehner

- Johannes Stert (1963) 'Bachseits'  

1. Elegy

2. Intermezzo

3. Andante pomposo

4. Finale

- Richard Strauss (1864-1949) 'Salome: Danza de los siete velos' Mold. M. Nakata

II. Zatia

- Richard Wagner (1813-1883)'Lohengrin: Morgenlied und Aufzug der Heere' Mold. S. Goldhammer

- Johannes Brahms (1833-1897)'Danzas hungaras 4, 5 y 6' Mold. A. Abbass

- Franz von Suppe (1819-1895) 'La bella Galatea' Obertura Mold. S. Verhaert

Musikarekiko hitzordu gehiago

Martxoaren 1a, `Nino Bravo gogoan´ Serafin Zubirirekin kontzertu ikusgarria eskainiko da. Kontzertua Iñaki Urkizu Bilboko Bandako zuzendariordeak zuzenduko du. Bilboko Udalaren Musika Banda, Serafin Zubirirekin eta Felipe Carpe,  Lola Benaches eta Jose Valhondoren ahotsekin, izango da omenaldia eskainiko diona Nino Bravori, haren betiko abestiekin eta haren bizitza pertsonaleko eta profesionaleko proiekzioekin.

Martxoaren 22an, Bilboko Bandako zuzendari titularra den Pascual Vilaplanak neguko denboraldiko azken kontzertua zuzenduko du, `Bandako Klasikoak´ izenburupean. Hiruhilekoa hasi bezain ondo amaitzeko aukera aparta izango da: musikarik onenaz gozatuz, Bilboko Bandako 45 musikari baino gehiagorekin batera.