Euskal Herriko Unibertsitateko zentsura

San Mames Unibestsitateko Asanblada. 2015ko ots. 16a, 09:35

Badakigu ikasleon eskubideak eskasak direla jada, baina ze puntutaraino iristen da urritasun hori? 
Orain dela hilabete bat Jardunaldi batzuk prestatzen hasi ginen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, "ospe handiko" eskola honetan, edo behintzat hori esaten dute. 

Ilusio handiz eta lan pila eginez zazpi hitzaldi lotu genituen, hain artean ingeniaritza nuklearraren inguruan, petroleoaren inguruan, frakinaren inguruan... Oso aberasgarriak izango direnak gure formakuntzarako eta eskolan ikasten ez ditugun gaiak direla ikusita.

Dena pentsatuta geneukala, (datak, hitzaldiak...) gela eskaera egin genuen ziurtatzeko leku bat izango genuela gure jardunaldiak aurrera eramateko. Gure "ospe handiko" eskola honetan, bete behar den protokoloa gela baten eskaera egiteko honako hau da: Ikasle kontseilura email bat bidali (zehaztasun guztiekin) eta hauek zuzendaritzara bidaltzen dute haiek aztertzeko, guzti hau 15 eguneko epean.

Jaso genuen erantzuna, ez zegoela informazio nahikorik gure jardunaldien inguruan izan zen. Honen ostean, hitzaldiak lotzea erabaki genuen eta behin lotuta eskaera berriz egitea. Otsailaren 9an ikasle kontseilutik ezezkoa jaso genuen inongo arrazoirik eman gabe. Ez genuen sinisten gertatutakoa, gure jardunaldiak eskolako beste edozein mintegi bezala hartu daitezkelako.

Beraz, arrazoi hoiek bilatzeko martxan jarri ginen. EHU-ko ikasleon errektoreordearengana jo dugu, EHU-ko Errektoreari bi kexa bidali dizkiogu, eskolako zuzendaritzari arrazoiak eskatu dizkiogu eta gure eskolako ikasleon zuzendariordeari gurekin biltzeko eskatu diogu (hau izan baita gure gelaren eskaera ezeztatu duena). Hemendik jaso ditugun erantzunak (agian aitzakiak deitu beharrekoak), gelak libre ez daudela, ez dugula gelen protokoloa bete... eta jaso dugun azkenekoa eta, era berean, gehien sutu gaituena, ikasleok gela bat eskatzeko eskubidea ez daukagula izan da. Non dago eskola "ospe handiko" honen seriotasuna?

Hori gutxi balitz, eskolako ikasleon zuzendariordea eskolan lan egiten duten hizlariei deitu, eta jardunaldiak debekatuta zeudela esan zien, beste inorekin kontsultatu gabe. Zer gertatzen da gure eskubideekin? Ze puntura arte murriztu behar dituzte?

Zapalduak sentitu gara, ezin dugu ulertu nola Euskal Herriko Unibertsitate publiko batean eman daitekeen holako errepresio bortitza. Ingeniaritza ikasten dugu, bai, baina ez dugu erabili nahi mundua konkistatzeko edota beste batzuk zapaltzeko. Ikasten duguna nahi dugun esparruan aplikatu nahi digu.

Jardunaldiekin ingeniaritzaren beste ikuspuntu bat landu nahi dugu, baina "ospe handiko" Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak ez digu utzi. Badakigu mundua ezin dugula aldatu, baina gure ingurua agian bai.

Guzti hau salatzeko, otsailaren 16an 15:00etan, sarreran egingo den prentsaurreko masiboragonbidatzen zaituztegu.

Ez gaituzue zapalduko!


San Mames Unibestsitateko Asanblada.