Zelan denifituko zenuke Korrika?
Ez da erraza definitzen. Oso desberdina da barrutik ikusita edo kanpotik ikusita. Badauka bere alde polita eta ez hain polita. Korrika hau 19. Korrika da, baina nahiko tristea da 19 Korriken atzean arrazoi bera egotea; Korrika egiten da euskara bultzatu behar delako, oraindik ere ez dugulako nahikoa baliabide, oraindik ere euskara ez delako guztion hizkuntza. Hainbeste urte pasata arrazoi horiengatik egin behar izatea ez da polita. Egia da, Korrika bera oso gauza polita dela, batez ere, kanpotik ikusita, jendearen parte-hartzea izugarria da, eta jendeak oso ondo pasatzen du.
Eta Korrika antolatzeko ardura duzuenontzat?
Oso polita da antolaketan ari garenontzat ere, lan handia suposatzen duen arren. Euskal Herriko txoko guztietatik antolatzen da 10 eguneko ibilbidea eta azkenean alde guztietatik da polita.
'Euskahaldun' Korrika 19ko leloak bi hartzaile ditu, norbanakoak eta erakundeak. Iritsi zaie mezua?
Ahal, ahal, bakoitzak egin behar du bere ahalegina Euskal Herria euskalduntzeko, batetik. Bestetik, erakundeek orain arte nahikoa egin ez badute, gehiago egin behar dute, eta gehiago egin ahal dute. Hori azpimarratu nahi izan dugu leloarekin. Oraindik, hilabete bat daukagu zabaldu nahi dugun mezua zabaltzeko, badugu lana.
Bilbo izango du helmuga Korrika 19k. Zelan doaz prestaketa lanak?
Aspaldi hasi gara 19. Korrika antolatzen. Bilbokoari dagokionez, buru-belarri urritik ari gara eta uste dut gauzak bere erritmoan doazela. Hemendik aurrerakoa izango da trinkoena eta egunak luzeak izango dira, baina aterako dugu, egingo dugu, eta handia izango da.
Zer duzu aurreratzerik?
Jakin badakigu goizeko 7ak aldera sartuko dela Korrika Bilbon, Enekuritik, eta, amaiera oso mugatuta daukagunez, 12:30ean bukatuko dela Areatzan. Bost ordu eta erdi egingo ditu gutxi gorabehera Bilbon, 45 bat kilometro. Gure asmoa da, oraingoan, ibilbidearekin auzo guztietara heltzea, ahalik eta gehienetara behintzat. Aurten badauzkagu pare bat gune berri: Atxuri, Olabeagako kaia eta Deustuko Erribera. Inoiz ez gara auzo horietatik pasa, eta auzotarrek urtetan egin digute eskaria. Ez dugu uste Udalak oztoporik jarriko digunik. Eta, noski, gainerako Bilboko auzoetatik: San Inazio, Deustu, erdialdea, Zorrotza, Errekalde, Indautxu, Kortes, Abusu, Uribarri, Santutxu... eta amaiera, berriro erdialdetik pasata, Areatza inguruan.
Borriquito-aren prozesioarekin bat egingo du Korrikak. Nork izango du lehentasuna Bilboko kaleetan?
Ibilbidea baldintzatzen digu ia-ia ordu berean leku beretik pasa nahi dugulako. Lanak ematen dizkigu, baina badauzkagu B, C, D alternatibak prozesioa saihesteko. Hori da ibilbideak eman duen lan handienetarikoa.
Zein da Korrikak duen zailtasun handiena?
Ibilbide lotzea, esaterako. Gauza bat da egin nahi duzuna, plano gainean oso polita ikusten dena, eta beste gauza bat da errealitatea; jendeak egiten dituen eskariak, 'etorri gurera, guretik ez zarete aspaldian pasa' esaten dizute; zenbat kilometro dauzkazun ere arazoa izaten da, leku guztietara heldu nahi duzulako baina askotan metroek ez dute ematen.
Korrika Kulturala martxan dago.
Bai, Guggenheim Museoan 'Gosariak' ikuskizunaren estreinaldiarekin eman genion hasiera. Badauzkagu hiru bat ekitaldi lotuta. Adibidez, otsailaren 18an, Erribera Merkatuko tabernan Bide Ertzean musika taldearen kontzertua izango da, Korrikako moda desfilea izango da martxoaren 5ean Hika Ateneoan eta 'Fausto' antzezlana martxoaren 11n Alondegian. Hauetaz gain, badaude euskaltegiek auzoetan antolatzen dituzten ekitaldiak eta jendeak bere kabuz antolatzen dituenak, besteak beste, ikastetxeek antolatzen dituzten Korrika 'txiki' guztiak.
Aurten, lehen aldiz, hiru lehiaketa antolatu dira Korrika Kulturalaren baitan.
Argazki, bideo eta abesti lehiaketa dira, eta jendearen parte-hartzea bultzatzea dute xede. Arrakastatsuak izan ohi dira.
Korrika 19ko abestiak ez du harrera onik izan.
AEK-ko irakasle talde batek egin duen bertsio bat da. Desberdina da abestia, horrela esango dugu. Gertatzen da, hasieran entzutean ez zaigula gehiegi gustatzen eta entzun ahala denok kantatu eta dantzatzen dugula.
Kilometroak eskuratzeko prozesua nola doa?
Ondo doa. Askok eta askok edizio batetik bestera parte hartzen dute, eta nahikoa erraza da beraiekin harremanetan jartzea, eta jende berria ere badabil kilometroak eskuratu nahian, beraz, pozik gaude.
Korrika Denda martxoaren 28ra arte zabalik egongo da.
San Tomas egunetik zabalik dago Somera kaleko 19. zenbakian, Zig-Zag dendan. Bertan beste talde batzuren erropa ere izaten da, eta oraingoan baita Korrikarena ere.
Bilbotarren laguntza behar ahal du Korrikak?
Korrika guztion artean egiten dugu nahiz AEK-k antolatu. Herririk gabe ez dago Korrikarik, hori argi eta garbi dugu. Bide askotatik heldu zaigu laguntza eskaintza behar den lanetarako; koadrilak, konpartsak, jende arrunta, eragileak, norbanakoak... denetarako prest etorri zaizkigu. Eskertzen da jakitea, nonbaitetik tira egin behar izanez gero, badaukagula nora jo.
2015a 'Bilbon euskararen urtea' izango dela aipatu dute bai Korrikaren amaiera eta Ibilaldia Bilbon ospatuko direlako.
Ekintzak ez dira hitzetan geratu behar, euskara ez da momentuko gauza bat. Martxoaren 29an Bilbo izango da euskararen hiria, ez; Bilbok hiri euskalduna izan behar du 365 egunez eta horretarako baliabideak behar dira, ez bakarrik Korrika egiteko gauzak erdi erraztuz. Ikasleek euskara ikasteko baliabide gehiago balute hobeto leudeke bai ikasleak bai euskaltegiak, eta noski, Bilbo bera.
Zergatik egingo zenuke Korrika?
Oztopo guztiak gainditu ditugula ospatzeko, esaterako, Euskal Herri euskalduna daukagula edota ikasleek euskara doan ikas dezaketela ospatzeko. Horrelako arrazoiengatik Korrika egitea litzateke nire ustez politena. Baina ez nioke inoiz utziko Korrika egiteari.