Don Juan Tenorio, gure gizartearen inskonszientean bizirik dirauen izakia da. Gehienetan heroi gisa hartua izan bada ere, besteenganako mespretxua erakusten duen gizakiaren erretratua baino ez da. Hori da Blanca Portillok, berak zuzentzen duen eta Arriaga Antzokian ostegunetik, otsailaren 19tik, igandera, 22ra, eskainiko den Don Juan Tenorio lanean defendatzen duen tesia. Lau emanaldi izango ditugu, egunean bat (guztiak arratsaldeko 20:00etan, igandekoa izan ezik, egun horretakoa 19:00etan izango delako).
Duela egun batzuk, El testamento de Maria laneko antzezle bakar gisa Arriaga Antzokian arrakasta handia lortu zuen Blanca Portillo berriro izango dugu gure artean, baina oraingo honetan zuzendari gisa, Juan Mayorgak egindako Jose Zorrillaren Don Juan Tenorio lanaren bertsioarekin.
Antzezle taldearen buru Jose Luis Garcia-Perez izango dugu, Juan Tenorioren papera eginez, eta, horrez gain, antzezle bikain hauek ere etorriko dira: Ariana Martinez, Doña Ines, Juanma Lara, Gonzalo de Ulloa, Beatriz Argüello, Brigida, edo Miguel Hermoso, Luis Mejia. Antzezle taldea osatuz Luciano Federico, Eduardo Velasco, Daniel Martorelli, Francisco Olmo, Alfonso Begara, Alfredo Noval, Raquel Varela, Tania Watson, Rosa Manteiga eta Eva Martín arituko dira.
Antzezlanaren jatorria Blanca Portillo berak azaltzen du: “Tenorioren irudia ondoan izan dut urte luzeetan. Inoiz ez dut ulertu horrelako pertsonaia bat mito bilakatzea, askatasunaren eta transgresioaren ikono, berez emakumeak seduzitzea balio gisa hartzearen irudikapena… Uste dut badela norbaitek Tenoriori bere izenez deitzeko ordua”.
Ideia horretan oinarrituz, moldaketa honek Don Juan Tenorio suntsipenaren eta enpatiaren adibide gisa erakusten du, eraikitzeko gaitasunik ez duen eta bere eta besteen bizitza mespretxatzen dituen norbait. Bere portaeren, ekintzen eta hitzen bitartez, Don Juan Tenorio, orain arte ikusi dugun moduarekin zerikusirik ez duen moduan agertuko da ikus-entzuleen aurrean.