Gaiak oraingoz “berdin dio”, materialarekin ohitu arte, paisaiekin “frogak” egiten ari den arren. Bere lan “ofizialari” dagokionean, “betiko moduan” dabil: artelanen erreprodukzioak egiten, book eta holakoetarako erretratuak ateratzen, inaugurazioren baten parte hartzen... Aipatzekoa da Deustuko Berbaizu euskara elkartean zuzenduko duen tailerra. “Gauza txiki bat da, auzokoa, baina oso interesgarria. Proiektu pertsonalak asko dira, ideiak bezain beste. Aurrekoan aipatutako paisaien serie hori pendiente daukat eta idea da panoramika batzuk egitea horren harira”.
Pablo Gonzalezen lan amestua, “tipikoegia” bada ere, National Geographic aldizkariarentzat lan egitea da. Baita “moda munduan edota prentsarako erretratuak egiten”. Izatez, “argazkilaritzatik bizi ahal izatearekin konformatuko nintzateke. Gaur egun gauza saila den arren”. Azken boladan ez dabil oso aktibo blog eta web munduan. Formatu fisikora pasatu nahi du, “kalitatezko imprimaketa batzuk egin eta portafolioa osatu. Internet bidezko dibulgazioa beharrezkoa da, baina bezeroei era fisiko batean lana aurkeztearekin alde handia dago, askoz indar gehiago du inpresio on batek”.