2015eko inauteriak

Agur inauteri, garizuma ongi etorri

uriola.eus 2015ko ots. 18a, 09:13
Argazkiak: Iñigo Azkona

Soldadu itxurako 'Deabru beltzek' sardina bahitu eta atxilotu ostean, su eman zioten Arriaga plazan. Bilbotarrek penaturik, triste, esan diote agur inauteriari.

Plaza Barrian batu ziren inauterien ikur den sardinari beila egitera bilbotarrak. Adin guztietako hiritarrek, beltzez jantzita asko, kandelak eskutan babestu zuten sardina azken unera arte. Alde Zaharreko kaleak gurutzatu zituen segizioak Arriaga plazaraino. Bertan, Napoleonen soldadu itxurako pertsonaiek zaindu zuten sardina su ematea erabaki zuten arte.

Deabru Beltzak taldeko aktoreak izan ziren azken agur horren ardura bere gai hartu zutenak. 

Bilbotarren inauteriak bukatu dira. Intentsoak izan dira aurten ere, baita bustiak ere, baina tira, ohitzen hasiak gara… Hala eta guztiz ere, eguraldia eguraldi, karnabal berri hauek ederrak izan dira, eta benetan gozatu ditugu.