Arkeologiari eta Historiaurreari buruzko hitzaldi bi

uriola.eus 2015ko ots. 19a, 11:17

Joxe Miel Barandiaran jaio zela 125 urte bete ziren joan den abenduaren 31n. Urteurren horren harira, Bilboko Ondare Aretoak eta Bilboko Udal Liburutegi Sareak hitzaldi bana antolatu dute gaur. Lehenengo aretoan Alvaro Arrizabalaga EHUko irakasleak Joxe Miel Barandiaranek Bizkaiko arkeologiari egindako ekarpena jorratuko du eta Deustuko Bidarte udal liburutegian berriz, Joseba Rios ikerlariak Bizkaian bizi izan ziren Neandertalei buruz hitz egingo du.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazinoak antolatutako berbaldi-zikloak azken saioa izango du gaur. Barandiaranek abiatutako kudeaketaren bide bera jarraitzen duten ikertzaileak izan dira berbaldietako protagonistak: Juan Carlos Lopez Quintana, Joseba Rios Garaizar, Diego Garate Maidagan eta Alvaro Arrizabalaga Valbuena.

Azkenengo berbaldia gaur, hilak 19, emango du Alvaro Arrizabalaga Valbuena EHUko irakasleak. Joxe Miel Barandiaranek Bizkaiko arkeologiari egindako ekarpena jorratuko du 19:00etan Ondare Aretoan (Maria Diaz de Haro 10).

Berbaldietan aipatuak Kobie aldizkarian argitaratuko dira, Paleontropologia sailean, 2015eko 34. alean, hain zuzen ere.

 

Bizkaiko Neandertalak

Bilboko Udal Liburutegi Sareak ere bat egin nahi izan du Joxe Migel Barandiaranen jaiotzaren 125. urteurreneko ospakizunekin Arkeologiari eta Historiaurreari buruzko hitzaldi biren bitartez, Joseba Rios eta Diego Garate ikerlarien eskutik. Hitzaldietarako sarrera librea izango da.

Lehenengo topaketa gaur, hilak 19, izango da, 19:00etan, Deustuko Udal Liburutegian. Bertan, Joseba Rios ikerlariak Neandertalei buruz hitz egingo du. Bizkaian bizi izan ziren, eta azken urteetako aurkikuntza eta aztarna gehienak horiei buruzkoak izan dira. Horri esker, 100.000 urte baino gehiago bizirik irautea lortu zuen espezie hori askoz hobeto ezagutzeko aukera izan dugu. Gaur egun badakigu lurralde zabalak ustiatzen zituztela, oso ehiztari eraginkorrak zirela eta nahiko kultura eta gizarte egituratuak zituztela.

Joseba Rios bilduma litikoen kudeatzaile da Burgoseko Centro Nacional para la Investigación sobre la Evolución Humana (CENIEH) izenekoan. Arlanpe (Lemoa) edo Axlor (Dima) bezalako aztarnategietako indusketa proiektuen zuzendaritzan aritu da, eta une honetan Aranbaltzako (Barrika) aire zabaleko aztarnategiko indusketak zuzentzen ari da.

 

Homo Sapiensen artea

Hurrengo egunean, otsailaren 26, arratsaldeko 19:00etan, baita ere, Begoñako Udal Liburutegian, Diego Garate izango da bertaratzen direnak artearen jatorrira hurbilduko dituena, gaur egungo giza espeziari, Homo Sapiensari, lotuta. Horrelako arte adierazpen motaren adierazle nagusia Goi Paleolitoko (K.A. 40.000-10.000) haitzulo, harpe eta  harkaitz apainduetan dago. Azken ikerketek lotura artistiko eta sinboliko interesgarriak aurkitu dituzte Pirinioetan eta Kantaurialdeko Kostaldean dauden apaindutako haitzuloen artean.

Diego Garate arkeologoa da, eta Bizkaiko Arkeologia Museoan egiten du lan, Bilbon. Halaber, Tolouse Le Mirail Unibertsitateko CREAP Cartailhac, TRACES-UMR 5608 Zentroan (Frantzia) eta Santanderreko Instituto Internacional de Investigadores Prehistóricas de Cantabria izenekoan ikerlari kide gisa aritzen da.

 

Aita Barandiaran

Apaiz, antropologo eta etnologo euskalduna, Joxe Migel Barandiaranek (Ataun, Gipuzkoa, 1889-1991) oso gaztetan erakutsi zuen azterketa etnografikoei eta historiaurrekoei buruzko zaletasuna, eta Telesforo Aranzadiren ikasle hoberena izan zen. Irakaslearekin batera, eta Enrique Egurenek lagunduta, Euskal Herrian egin diren ikerketa arkeologiko eta etnografiko gehienak egin zituen. Idatzi zituen 300 lan baino gehiagoren artean, Mitología Vasca, El mundo de la mente popular vasca edota Historia comparada de las religiones azpimarra daitezke.

 

[2015/01/28] Joxe Miel Barandiaranen lanen gaurkotasunaz 

[2015/01/28] Arkeologiari eta Historiaurreari buruzko hitzaldi bi