Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak, ekitaldia antolatu duen Peopleing agentziarekin batera, martxoaren 5etik 8ra, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Ercilla hoteleko logeletan antzeztuko dituzten zortzi lanak aukeratu ditu. Udalak tailer batzuk antolatu zituen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz, estereotipoak hausteaz eta arlo guztietan emakumeen parte hartzeaz sentsibilizatzeko. Tailer horietan urtarrilaren erdialdetik aurrera zenbait antzezlan sortu dira eta horien artean lau antzezlan aukeratu dira sail profesionalerako eta beste hainbeste sail amateurrerako.
'Berdinentzat, Ezberdinentzat, Niretzat' mikro-antzerkien zikloaren baitan antzeztuko dituzte aukeratutako lanak. Abiapuntua, antzerkian interesa izatea eta emakumeen eta gizonen berdintasunaz sentsibilizatuta egotea izan zen eta parte hartzeko aukeren artean bi sail bereizi dira; profesionala eta amateurra.
Alde batetik, sail profesionalean, antzerki munduko pertsonek euren testuak eta proposamenak aurkezteko aukera izan zuten, ondoren, epaimahai batek lanak aztertu eta aukeraketa egin zuen.Deialdi amateurrean profesionalak ez diren pertsonek ikasteko eta ildo bitan lan egiteko aukera izan zuten; antzerkirako gidoiak eginez eta formatu txikiko lanak antzeztuz. Hauek ere, euren lanak lehiaketara aurkezteko aukera izan zuten.
Antzerki munduan eskarmentu handia duten pertsonek zein genero-berdintasunaren arlokoek osatu zuten 'Berdinentzat, Ezberdinentzat eta Niretzat' antzerki lehiaketako epaimahaia: Galder Perez antzezlea, Natalia Erice Arte Eszenikoen kazetaria, Garbiñe Mendizabal eta Amaia Domingo genero-berdintasunean adituak, eta Alfonso Roldan generoan aditua den kazetari beteranoa. Lan handia egin behar izan zuten martxoaren 5etik aurrera antzeztuko dituzten zortzi lanak aukeratzeko. 29 antzezlan jaso ziren guztira; 17 sail profesionalean eta 12 sail amateurrean.
Oinarriekin bat etorrita, epaimahaiak lanen kalitate artistikoa, genero-ikusmoldea jasotzea eta gidoiak ekimenerako egokiak izatea baloratu zuen.
Herritarrek martxoaren 5ean, 6an, 7an eta 8an, 18:30etik 22:30era, Ercilla hoteleko logeletan ikusi ahalko dituzten lanak hauexek dira:
Sail profesionala
1. 'Criterios de Pindaro Celada'
Egilea: Angel Martin Rizaldos
'Preguntar por Pindaro Celada' mikro-antzerkirako lana egin zuen autoreak berriz ere ekin nahi izan dio bizi garen gizarte bidegabe honen kritika zorrotz eta surrealistari. Lan honetan, Polibio izeneko gizon batek lan arloko elkarrizketa bat izan nahi zuen Pindaro Celadarekin. 'Criterios de Pindaro Celada' lanean Samira, agiririk ez duen etorkina da eta Polibiorekin topo egiten duena. Jatorrizko herrialdean emakumeek jasatan duten tiraniatik ihesi heldu da gurera Samira. Samira emakume libre eta indartsua da, haren printzipioen eta duintasunaren alde borroka egiten duena. Polibio itxaroteari uko egingo dio eta askatasuna bilatzen arituko da etengabe, nahiz eta aukera horrekin behin eta berriz ahultasun handian geratu.
Pertsonaien originaltasunaz eta sakontasunaz gain, testuak modu poetikoan lantzen ditu berdintasunaren problematika eta gizonak eta emakumeak kartzela batean sartuta gaituen sistema hondatzailea.
2. 'Ctrl-c. 1936 / Ctrl-v. 2015'
Egilea: Chema Trujillo
Kalitate artistiko handiko lan honetan Pasionaria figura historikoaren bidez emakumeen eskubideen aldeko borroka lantzen da. Chema Trujilloren testuan emakumeek historiari egindako ekarpena ikusgai dago, Dolores Ibarrurik emakumeen jabekuntzaren eta ahalduntzearen bidean aurrera egiteko egindako ahaleginen bidez. Haren diskurtsoetako hizkera oso zaindua da, ñabarduraz betetako lan honetan. Dolores bera eta haren kide Francisco dira lanaren protagonistak. Gaur egungo unea eta 1936ko kontestu latza lotuta geratzen dira lan zirraragarri honetan.
3. 'Igualdad, inseguridades y otras confusiones'
Egilea: Ines Lopez Carrasco
Autore honen bakarrizketan emakumeek jasan beharreko baldintzatzaile sozialak aztertzen dira.Ikusmolde barnerakoi batetik, umorea eta samurtasuna ere bertan direla, protagonistak umetatik emakumea izatearen kontzientzia zuela azaltzen du. Ibilbide horretan, emakumeen artean gorputzari, irudiari eta gaztetasunari ematen zaien balio handia agerian geratzen da. Balio horiek emakumeentzat bereizgarriak dira; bereizketa egiten dute, alegia.
Segurtasun ezaz, perfekzio ezaz eta ahultasunez beteriko ibilbide zirraragarria lantzen du autoreak eta ikusleen konplizitatea lortuko du.
4. 'Buenas noches, madre'
Egilea: Unai Izquierdo
Intentsitate handiko drama lantzen du egileak zazpi orrialdetan; ama eta seme baten arteko harremanen bilakaeraren bidez. Antzezlanaren kalitate handiari amatasunaren erretratu hunkigarria gaineratu behar zaio. Amatasunean seme-alabekiko komunikazioak etapa asko ditu eta bidea bihurgunez beteta dago. Gizarteak estutzen duen emakume alarguna da obraren protagonista eta bere kasuan aipatutakoa intentsitate handiagoz gertatzen da.
Emakume baten bizitzako alderdi garrantzitsu honetan sakontzen duen lan bakarra da; begirada sentiberaz ikusleak erakarriko dituena.
Sail amateurra
1. 'La sencillez de la verdad'
Egileak: Yolanda Abad, Nerea Arangoiti eta Maite Maleta
Lan freskoa, egitura dramatiko arin-arina duena. Emakume lesbiana bi azaltzen dira haien harremana eta duten alabarekin osatutako familia babesteko borrokan. Familia-eredu ezberdinen alde egin dutenek jasotzen duten bereizketa agerian utzi nahi dute egileek. Gaur egun ere nahiko ikusezina den errealitatea modu egokian lantzen dute.
2. 'La rebelion de las obras'
Egilea: Amaia Benito
Antzezlan dibertigarri honetan umeen ipuinetan genero-bereizketa zein kaltegarria den lantzen da. 'Loti Ederra' ipuineko pertsonaiak matxinatu egingo dira, printze urdinaren eta salbatua izateko izain dagoen emakumearen mitoaz bukatzeko.
3. '5º Izquierda'
Egilea: Elias Lister
Obra etxebizitza batean garatzen da. Genero-indarkeriaren biktima izan den emakume bat bizi da bertan. Hedabideetan ohikoak diren sentsazionalismotik eta hutsikeriatik urrun, obra honetan genero-ezberdintasunaren maila mingarrietan gora egingo dugu, mailaz maila. Gazte batek, ustekabean, bikotekide ohiarekin topo egiten du eta berarekin bizitako iragan arriskutsua gogoratuko du.
4. 'Hombres, mujeres y viceversa'
Egilea: Cesar Muradas
Bikote topaketa batean emakumeen eta gizonen rolak trukatu egiten dira. Horrela bada, gizonak emakumeak balira bezala portatuko dira eta alderantziz. Umorea nagusitzen da antzezlanean eta, edozein bikoterentzat rolen eta estereotipoen tranpan jaustea zein arriskutsua den agerian geratzen da.