Emakume gazteen kontrako indarkeriaren prebentziorako Bilboko diagnostikoa osatzen

uriola.eus 2015ko ots. 24a, 09:25

Argazkia: ezisildu.blog.euskadi.net

Hain zuzen ere, 'Indarkeria Sexistaren Prebentzioan, Berdintasunean eta Jabekuntzan Bilboko Gazteekin garatzen ari diren Esperientzia Onak eta berauetan dauden Eragile Sozialak ezagutzeko Diagnostikoa' osatu nahi du Bilboko Udaleko Berdintasun Sailak, Urtxintxa Eskolarekin batera, 2015eko otsailetik maiatzera bitartean.

Diagnostiko honen helburua da Bilbon emakumeen kontrako indarkeriaren prebentziorako dauden proiektu edo programa, ekintza eta, oro har, egitasmoen diagnostikoa egitea, baita jardun honetan dauden eragile sozialak ezagutzea ere.

Diagnostikoaren bidez ezagutu nahi dira barruti ezberdinetan haur zein gazteei bideratuta dauden egitasmoak eta eragileak.

Ikerketa horren parte-hartzaileak, oro har, eragile sozialak, instituzioak eta ikastetxeak izango dira. Nahiz eta oso esparru anitzak izan, denetan indarkeriaren prebentziorako programak antolatzen dira, eta Bilboko Udalari zein Urtxintxa Eskolari "oinarrizkoa" iruditzen zaie esparru horiek ezagutzea "indarkeriari era integralean irtenbidea emateko".

Diagnostikoa osatzeko hiriko elkarteekin harremanetan jartzen hasita daude Urtxintxa Eskolako kidek elkarteek indarkeriaren prebentziorako egitasmorik garatzen duten jakiteko, eta horrela bada, egitasmoa horiek ezagutzera eman ditzaten gonbitea luzatuko die Udalak eta Urtxintxak. 

Galdetegia bidali zaie elkarteeei emailez. Galdetegi horrekin 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan elkarteek burutuko dituzten egitasmo, kanpaina, protokolo, ekintza puntual zein planak ezagutu nahi dituzte.

Elkarteen parte-hartzea eta elkarteek erakundeei ahalbideratuko dieten informazioa "ezinbestekoak izango dira ikerketaren arrakastarako".

 

bilbokodiagnostikoa@gmail.com
94 432 04 45 / 688810573 (Pili edo Maitane)