Bizkaiko Gozogintzako Lanbide Eskolak instalazio berriak inauguratu ditu

uriola.eus 2015ko ots. 25a, 11:00

Gozogintzako lantegi berri bat eta merkataritzako ikasgela-tailer bat dira, eta zentroko prestakuntza eskaintza hobetzen lagunduko dute. Izan ere, zentro honetatik 16 eta 21 urte bitarteko 1.500 gazte inguru igaro dira.

Masustegiko antzinako Justo Pastor ikastetxeko udal lokaletan kokatuta dagoen Bizkaiko Gozogintzako Lanbide Eskolak abian jarri ditu instalazio berri bi, eta aldaketa horiekin zentroko prestakuntza eskaintza hobetuko nahi du. Hain zuzen ere, gozogintzako lantegi berri bat eta merkataritzako ikasgela-tailer bat dira instalazioetan eginiko berrikuntzak.

Gozogintzako Eskolak 35 urte egin ditu prestakuntzako jardueran. Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak 1979an sortu zuen Erribera kalean Gozogintzako Lanbide Eskola, sektoreko etorkizuneko langileei prestakuntza egokia emateko helburuarekin.

Mende berriarekin, zentroak prestakuntza zabalagoa eskaintzen hasi zen eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programarekin bat egin zuen. Ikuspegiaren aldaketa horrekin batera, gaur egungo Masustegi Estratako udal lokaletara eraman zen eskola eta 2002ko irailean gaur egungo instalazioak estreinatu zituen (1.000 metro karratu baino gehiago).

Ordutik hona, Bizkaiko Gozogintzako Lanbide Eskolak doako ikastaroak ematen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Gozogileen Alkartasunaren diru-laguntzekin. Horien artean daude Oinarrizko Lanbide Heziketa (Bigarren Hezkuntzako graduatuaren baliokidea) ‘Gozogintza/Okintzako langilea’ eta ‘Merkataritzako eta Biltegiko laguntzailea’ titulazioekin DBH bukatu ez duten gazteentzat. Era berean, Lanbideko ikastaroak ematen ditu janarien manipulazioaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren inguruan.

Gainera, Eskolak lan-poltsa bat dauka bertako ikasleak lan-munduan sartzeko. Izan ere, ikasleek dauzkaten abantailen artean daude irakasleen hurbileko tratua eta kalitatezko prestakuntza, ikasleen beharrizanetara eta inguru sozioekonomikora egokitzen baita.