"Desobedientziaren" bidez abiarazi du Ikasle Eztandak 'Arkatz gorrien martxa'

uriola.eus 2015ko ots. 26a, 08:09

Argazkia: @buiakainfo

Bai Hezkuntza komunitateari eta bai Bizkaia osoko ikasleriari, "bat egiteko eta elkarlanean LOMCE legea geldiarazteko" mezua zabaldu diote Bizkaiko Ikasle Eztanda osatzen duten ikasle, asanblada eta antolakundeek. Ikastetxe sarreretan plantoa eginez eta ikasgelak okupatuz emango diote hasiera gaur goizean 'Arkatz gorrien martxa' deitu dioten prozesuari.

Bizkaiko Ikasle Eztanda osatzen duten ikasle, asanblada eta antolakundeek gaurtik martxoaren 18ra arte 'Arkatz gorrien martxa'-n parte hartzeko mezua zabaldu dute. "Euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko" eta "klase orduetan herritik eta herriaren mesedera dauden gaiak lantzeko, baimenarekin edo gabe". Otsailaren 16ko agerraldian argi utzi nahi izan zuten "Bizkaiko ikasleok ez dugula errebalidarik egingo".

Gaurtik aurrera LOMCEri "intsumisioa egiteko" antolaketari ekingo diotela azaldu zuten gazteek. Horretarako, ikastetxeetan asanbladak egingo dituzte, "desobedientzia prestatzeko". Prozesu hori gaurtik, otsailaren 26tik, martxoaren 18ra arte landuko dute; 'Arkatz gorrien martxa' deitu diote prozesuari. 

 

Unibertsitateetan greba deialdia

Bizkaiko unibertsitateetan greba eguna dute gaur '3+2' eta 'EU2015' erreformeei aurka egiteko eta 'Unibertsitatea herritik herriarentzat' eskatzeko. Ikasleak Bilboko kale nagusietan manifestatuko dira. 11:30ean hiru zutabe irtengo dira Arriagatik, San Mamesetik eta Sarrikotik Plaza Eliptikoan bat egiteko. 12:30ean irtengo da Moyuatik manifestazio bateratua.

Gaurko ikasleen grebari atzo eman zioten hasiera Bilboko fakultateetan hainbat ekimenekin.

 

Desobedientziaren aurrean babesa

'Arkatz gorrien martxa'-n, errebalidetara ez aurkeztean "gu babesteko neurri legalak landuko ditugu eta "klaseak okupatu eta herriaren mesedera dauden gaiak landuko ditugu", aurreratu dute ikasleek. Ikasleek eskaera luzatu diete irakasleei eta gurasoei, "martxan jarri eta desobedientzia egiten dugunean gu babesteko".

Kalean, Bilboko kaleetan emango diote amaiera martxoaren 18an 'Arkatz gorrien martxa'-ri, "Bizkaia osoko martxa guztiak elkartu eta ekimen handi baten bidez". 

 

 

O26-M18 Arkatz Gorrien Martxa

Ia bi urte igaro dira iada Espainako estatuak, Wert ministroak proposatutako lege inposatzile eta atzerakoi hau onartu zuela. Eta asko izan dira Euskal Herrian lege honen aurkako egindako hitzaldi, parodia, kontzentrazio eta manifestaldiak. Baina ahala ere, PPren gobernuak ez entzunarena egin eta aurrera jarraitzeko erabakia hartua zuen, beste behin ere, herriaren ahotsa isilaraziz. Ondorioz, kurtso honetan lege hau aplikatzen hasi dira hainbat lekutan eta hurrengo kurtsoan bigarren hezkuntzan aplikatuta egotea espero dute. Honetarako, hemen Euskal Herrian, hasieran aurkakotasun jarrera adierazi zuen PNVren laguntza izan dute: HEZIBERRI proiektuak, lege hau ia bere osotasunean ezartzea ahalbidetuko du.

Guzti honen aurrean, eta pasaden urtean egin genuen bezala, ikasleok martxan jartzeko beharra ikusi dugu. Gure eskubideak defendatzeko eta haserrea adierazteko. Beraz, Azaroan zehar burututako prozesu parte-hartzaile baten bidez, Errekalden masiboki adierazi genituen 5 konpromezuetara heldu ginen. 5 konpromezu LOMCEri aurre egiteko, eta era berean alternatiba bat mahai gainean jartzeko. Ondorioz, MARTXAn jarri gara konpromezu hauek burutzeko bidean, eta horretarako, Bizkaia osoan herriz herri zabalduko den eta Martxoaren 2tik 17ra luzatuko den ARKATZ GORRIEN MARTXA egingo dugu. Honetan ikasgunez-ikasgune gure eskualdea LOMCErik gabeko eskualdea bihurtuko dugu LOMCE ez ezartzera konprometituz (errebalidak ez egitea, eduki arrotzak ez ematea...). Eta aldi berean, klase ordu alternatiboak eskaini eta ezezkoaren borrokatik, eraikitzera igaroko gara.

Era berean, Arkatz Gorrien Martxa honi amaiera emateko GREBARAKO DEIALDIA egingo dugu martxoaren 18an, Bilbon, non aurreko asteetan Bizkaia osoan zehar aldarrikatutakoa, guztiok batera aldarrikatuko dugun. Berriro ere beraz, ikasleak kalera aterako gara, ez dugulako LOMCE inposa diezaguten utziko. Ez dugulako gure ahotsa isilaraz dezaten utziko. Eta ez badaude prest gu entzuteko, ohiukatu egingo dugulako, beldurrik gabe, berriro ere, ez garela burumakur geratuko. Aurrean izango gaituztela eta ez dugula etsiko azkenik herrialde honetan herritik eta herriarentzako hezkuntza lortu arte. Ez gara haien beldur, badakigulako bereziki LOMCE jada gainean dugun azken hilabete hauetan, inoiz baino gehiago, gure hezkuntza propioa aldarrikatu behar dugula.

Uste dugu azken urte hauetan zehar argi utzi dugula zein den ikasleok dugun posizioa LOMCErekiko. Eta azken txanpa honetan, non lege inposatzaile honen mamua jada gure ikastetxeetako atarietan dagoen, ezekotik baiezkora pasatzea erabaki dugu. LOMCE salatzetik, hezkuntza eredu alternatibo bat eraikitzera. Horrexegaitik eskua luzatzen dizuegu bai ikasle, irakasle, hezkuntza langile, guraso, eta baita zuzendari guztioi gurekin batera Martxan jarri zaitezen. Gurekin batera elkarlanean aritzeko lege honen alikazioa ekiditeko. LOMCE geldiarazteko era bakarra, GUZTIOK batera elkarlanean aritzea baita. Beraz adi eta prest egon zuen eskualdeari egokitzen zaion MARTXA egunean parte hartzeko, eta baita hemendik aurrera ikasguneetan guztiok batera lanean aritzeko. Denon batera lortuko dugu behingoz hezkuntza herritik eta herriaren mesedera jartzea. 

GORA BIZKAIKO IKASLERIA!!! 
IRABAZTERA GOAZ!!!

Ikasle Eztanda

 

 

[2015/02/25] #O26Planto Grebara begirako ekimenak

[2015/02/17] 'Arkatz gorrien martxa' deitu du Bizkaiko Ikasle Eztandak