Emakumezkoek herritar eskubidea bete ahal izan dezaten, partaidetzarako estrategiak lagunduko dituzten sareak eta espazioak sortzeko eta benetako berdintasuna zailtzen dituzten oztopoak behera botatzeko, 2015eko martxoaren 8a era guztietako ekimenez beteta dator.
Forgesen binetak berdintasunaren alde
Aurtengo alde erakargarri nagusietako bat umorea izango da. Forgesek, gaur egungo gizartearen idiosinkrasia ondoen eta argien islatzen jakin izan duen umorista grafikoetako batek, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza islatuko du bineten bidez, horretarako hizkera freskoa, sentibera eta gaurkotua erabiliz. Horrela, otsailaren 27tik martxoaren 9ra arte, uriko leku adierazgarrietan tamaina handiko sei kubo jarriko dira (2 x 2 metro) eta Emakumeen Nazioarteko Egunerako egindako lanak erakutsiko dituzte (euskaraz eta gaztelaniaz).
Berdintasuna, oholtzara… Ercilla hoteleko logeletan
Baina, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren inguruko eskabideek, aniztasunaren eta inplikazioaren ikuspegitik, ez dituzte arte grafikoak bakarrik erabiliko. Beste modalitate artistiko batzuek, esaterako arte eszenikoek, ospakizunarekin bat egingo dute.
Martxoaren 5etik 8ra, Ercilla hoteleko logelak oholtza bihurtuko dira 'Berdinentzat, Ezberdinentzat, Niretzat' mikro-antzerkiaren edizioarentzat. Zortzi antzerki-lan izango dira, lau atal profesionalekoak eta lau amateurrekoak, 15 minutuko iraupenarekin. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren inguruan, estereotipoen apurketaren inguruan eta andrazkoek arlo guztietan parte hartzearen inguruan sentsibilizatzen saiatuko dira. Oholtza bitxi horretara joan daitezke ikusleak 18:30ak eta 22:30ak bitartean. Sarreren prezioak: 2 euro lan amateurretan, 4 euro lan profesionaletan.
Zazpigarren arte kontuan hartu beharreko beste hitzordu bat izango da. Aurreko edizioetan bezala, Berdintasunerako Bilboko Emakumeen Kontseiluak zine foruma antolatuko du. Martxoaren 4an, arratsaldeko 18:30ean, Bidebarrieta Liburutegiko areto nagusian proiektatuko den filma “¿Por qué las mujeres siempre queremos más?” izango da. Cécile Telerman da zuzendaria eta hiriko hiru emakumeren istorioa kontatzen da; lanaren eta bizitza pribatuaren artean harrapatuta daude baina atsedentxo bat hartzea lortzen dute, elkar ikusteko eta disimulurik gabe hitz egiteko. Errealitate itogarriak lausotzen dituen idealen defentsarako alegatua.
Manuel Morenoren “Camas” film laburra emango da lehenik datorren eguaztenean, eta hitzordua bukatzeko proposatzen den solasaldia Simone de Beauvoir elkarteak moderatuko du. Horrela, elkarte horrek ere bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunerako antolatu diren ekitaldiekin.
Ikasgeletan ere sentsibilizazioa
Felix Serrano eta Eskurtze BHI ikastetxeek ere bat egingo dute. Ikasgelak espazio egokiak dira emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzen lagunduko duten balioak sustatzeko eta gizarte praktika batzuk ezabatzeko, esaterako generoagatik egindako bazterkeria. Hori dela-eta, bigarren hezkuntzako ikasleek berdintasuneko hezkuntza landu dute. Ikasturte honetan, Eskurtze ikastetxeko ikasleek eta irakasleek Bilboko kale-izendegia aztertu dute uriko eraikuntza sozialean, kulturalean eta balioen eraikuntzan lagundu duten eta kale bat edo plaza bat merezi izan duten 16 emakumeen istorioa zein den jakiteko.
Emakumezkoen zeregina erakusten lagunduko duen aldaketaren aldeko eragile desberdinen inplikazioa ezinbesteko estrategia da berdintasunaren aldeko borrokan. Zeregin horren jakitun, Basurtuko auzo elkarteak 'Violencia contra las mujeres en la sociedad: Las Mujeres dueñas de su destino' izeneko tailerra antolatu du martxoaren 4an, 19:00etan, Basurtuko Udaltegian (Zankoeta), Cristina Cordeirok eta Amaia Herrerok koordinatuta. 'Andre eta Jabe' izeneko sentsibilizazio kanpaina Basurtuko Udaltegian izango da egunotan eta, hori baliatuta, Basurtuko auzo elkarteak tailer horretara herritarrak gonbidatzen ditu, gizartean emakumezkoen aurka izaten diren indarkeria adierazpen desberdinak identifikatzeko eta horri buruzko gogoeta egiteko. Aldi berean, parte-hartzaileek erakusketa osagarria ikusi ahal izango dute. Erakusketa horretan EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako figurak eta panelak daude, joan den azaroan 'Andre eta Jabe' kanpainako mahai tematikoetan sortutako ondorioetan oinarrituta.
Irakurketa instituzionala eta manifestazioa
Emakumeen Nazioarteko Eguneko beste ohiko hitzordu batzuk dira: irakurketa instituzionala, martxoaren 6an, barikua, 12:00etan Bilboko udaletxeko sarreran. Eta, beste alde batetik, martxoaren 8ko manifestazioa, Martxoaren 8a eta Azaroaren 25a Koordinakunde Feministak deituta. Arriaga plazatik irtengo du 13:00etan. Martxa bukatzeko, mugimendu feministak herri bazkaria antolatu du Itxaropen kaleko frontoian.