Inoz baino rock eta ska zipriztin gehiago dituen azken lana taula gainean ikus-entzuteko aukera ez da izan orain arte. Joan den urritik 'Revolta' (Baga Biga 2014) diskoko 11 kantuak euskarri fisiko eta digitalean entzun daitezke. Taldearen webgunetik eta musika plataforma ohikoen bitartez doan deskargatzeko aukera dago. Baina zuzenekoa, beste kontu bat da, eta zuzeneko 'revoltarako' ostegunean dute hitzordua Itziarren Semeen zaleek Kafe Antzokian. Doan.
Taldekide berriak eta kolaboratzaile berriak dauzka taldeak. Iaztik Alain Egiguren baterian eta haizeetan Patxi eta Mizelen (Xutik) laguntza dute diskoaren grabaketan zein taula gainean. Ska eta punk doinuei bestelakoak erantsiko dizkiete kontzertuetan, rocka eta ska ez ezik "Euskal Herriko folk abestien moldaketak" izango dira, besteak beste, Maskarada eta Azkaindarrak doinuak. Ibonek "dantza" egingo duela aurreratu digu, eta jendea ere dantzan jarri nahi dutela.
Pozik daude Ibon eta Manex Altuna anaiak, taldeko motorrak, 'Revolta' diskoak izan duen harrerarekin. Bai salmenta bai kritika aldetik. Azken lanak "orain artekoek baino harrera hobea" izan duela diote. "Pauso bat aurrera egin dugu". Orain, pauso hori jendaurrean erakustea dagokie.
Osteguneko Bilboko hitzorduaren ostean, Euskal Herrian beste hamaika dauzkate lotuta eta erdi lotuta. Kilometro gehiago egin eta ozeanoz bestalde joatea da oraingoan ere euren plana. Azaroan Argentinan eta Txilen izan ziren bertako ska talde batzuekin biran, eta "gonbidapena egin digute" berriro joateko. Baina bira finkatu gabe dagoela eta, ez dute ilusio faltsurik piztu nahi.